08/07/2025

Zirkuss konpainiaren ‘K.OS’ proiektua hautatu dute 'Juana Bizkarra' 5. arte aszenikoen egonaldirako

  • Zirkussen proposamena Picassoren ‘Gernika’ margolanean inspiratutako zirku garaikideko ikuskizuna da, gerraren basakeriaz hitz egiten duena.

  •  Ikuskizuna irailaren 18an eta 19an taularatuko da Muxikebarrin

‘K.OS’ izeneko proiektua hautatu du Getxo Kulturak antolatzen duen Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren bosgarren edizioko epaimahaiak. Zirku garaikideko pieza da, Donostiako ZirKuSS konpainiaren eskutik, eta, Picassoren ‘Gernika’ lanean oinarrituta, gerra-gatazketako eskrupulurik ezaz hausnartu nahi du, besteak beste. Proiektu berri hori martxan jartzeko egonaldia Muxikebarri zentroan izango da abuztuaren 23tik irailaren 19ra bitartean. Horren azken egunetan, bertan izango da ere proiektuaren aurrestreinaldia, irailaren 18an eta 19an, 20:00etan. Gainera, hilaren 17an, entsegu irekia egingo da ordu berean.

Lander Brionesen zuzendaritza artistikoa eta Maialen Alberroren koreografiak dituela, ‘K.OS’-ek zortzi artista biltzen ditu, Picassoren lan ospetsuaren sinboloak irudikatzen dituztenak. Horien bitartez, ZirKuSSk jendeari bandoez eta garaiez ulertzen ez duen basakeriaz hitz egiten dio, biztanleria zibila erabaki politikoen biktima bihurtzen duena. Lan honek mugimendu akrobatikoa eta narrazio poetikoa uztartzen ditu, zuri-beltzeko estetika batean oinarrituta, hitzik gabe, gerraren izugarrikerian zehar bidaia emozional bat eskainiz, baina gerra horretatik bizirik ateratzea lortzen duten pertsonen samurtasuna alde batera utzi gabe.

Ikuskizunaren dramaturgia zortzi eszenatan egituratzen da, horietako bakoitzak pertsonaia bat protagonista duela: zezena, zauritutako zaldia, federik gabeko soldadua, biloba, kinkea daraman emakumea, ama eta bere haurtxoa eta usoa. Ondorioa koadroaren beste sinbolo boteretsu baten eskutik dator, begiaren eskutik. Horren bidez, 1937an gertatutako tragediatik bizirik atera zen Luis Iriondoren testigantza islatzen da, eta haren testigantzak ere inspirazio iturri izan dira konpainiarentzat. Pasarteen bitartez, askotariko teknikak tartekatzen dira: akrobaziak duo eta indibidualetan, lurzoruko ariketak, aireko ariketak oihalekin, akrobatiko porté-ak eta mugimendu espresiboa. Musikak garrantzi handia du ikuskizun honetan, eta Borja Antonek konposatu du, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren laguntzarekin.

ZirKuSS 2022. urtean sortu zen, zirku garaikideak publikoa hunkitzeko duen gaitasunaren konbentzimenduarekin. Premisa horretatik abiatuta, formatu handiko ikuskizunetan murgiltzen dira, hala nola bere lehen lana, ‘Sustrai’, eta baita dimentsio txikiagoko beste batzuetan ere, ‘Hazia’, adibidez. Lan horietan zirkuko diziplinak nabarmentzen dira, baita dantza, sorkuntza kolektiboa eta publikoarekiko lotura zuzena ere. Konpainiak nortasun handiko lanaren aldeko apustua egiten du, zirkua belaunaldien arteko eta zeharkako irismena duen tresna gisa bultzatuz.

Bosgarren edizioa

Aurtengo edizioaren epaimahaia honako hauek osatu dute: Getxoko Kultur Etxeko zuzendari eta teknikariek, Sofia Alforja Sagone Dantzagunea Gipuzkoako koordinatzaileak eta Xanti Val Zabaleta Lezoko Udaleko Kultura arduradunak. Juana Bizkarra egoitzak euskal kultura-sektoreari lagundu nahi dio, espazio eta baliabide profesionalak eta diru-hornidura eskainiz antzerki-lanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Halaber, ekimen horren bitartez, sorkuntza-prozesua getxotarrei hurbildu nahi die Getxo Kulturak, haien ezagutza, esperientzia eta kulturan duten parte-hartzea hobetzeko. Horregatik, obraren antzezpenaz gain, bitartekaritza-ekimenak egingo dira, artistak herritarrekin.