'Ramiro Pinilla' Eleberri Laburren 10. Lehiaketako deialdia zabalik


-
Parte hartzeko epea datorren urteko otsailaren 20ra arte egongo da zabalik
Gaur hasita eta otsailaren 20ra arte, Getxo Kulturak ‘Ramiro Pinilla’ Eleberri Laburren Lehiaketaren hamargarren edizioan izena emateko epea zabalduko du. Hamar urteko ibilbide honetan, ekimena erreferente bihurtu da literaturaren arloan, bai Euskadin, bai Euskaditik kanpo. Jasotako lanen kopuruak eta horien aniztasunak —eleberri historikoak, intriga-eleberriak, sentimentalak, ohiturazkoak, politikoak, fantastikoak…— lehiaketaren garrantzia agerian uzten dute, baita irabazle suertatu diren lanen kalitateak ere. Orain arte, saritutako lan gehienak argitaratu dira edo argitaratzeko bidean daude.
Lehiaketa hau Getxo Kulturak jarri zuen abian, Pinillesca kolektiboaren proposamenari jarraituz, egile ospetsuaren memoria zaintzeko eta literatura sorkuntza sustatzeko helburuarekin. Ohikoa denez, bi sari emango dira, bakoitza 6.300 eurokoa: bat euskarazko lanentzat eta bestea gaztelaniazkoentzat. Literaturaren munduan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahaiaren erabakia datorren urteko irailean jakinaraziko da, Muxikebarri zentroan egingo den sari-banaketa ekitaldian.
Lehiaketaren azken edizioan Goiatz Labandibar (euskarazko eleberrien kategorian) eta Mila García de la Torre (gaztelaniazko lanen kategorian) idazleak izan ziren irabazleak. Guztira, 234 lan jaso ziren, ohi bezala, jatorri askotakoak: 31 Euskadiko eta Nafarroako egilerenak, horietatik 5 getxoztarrenak. Gainerako 198 eleberriak ia autonomia-erkidego guztietatik bidali ziren, bereziki Madrildik, Bartzelonatik eta Bizkaitik. Hizkuntzari dagokionez, 13 eleberri euskaraz aurkeztu ziren, eta 221 gaztelaniaz. Azken edizioetan gertatu den bezala, euskarazko lan irabazlea Erein argitaletxeak argitaratuko du, Getxo Kulturarekin duen hitzarmenari esker. Gaztelaniazko eleberriaren kasuan, argitaratzen bada, beste 1.000 euroko laguntza jasoko du.
- Oinarriak
- Eranskina: eskaera-orria
- Izena emateko epea: 206ko urriaren 28tik 2027ko otsailaren 20ra arte
- Eskaerak era telematikoan aurkezteko argibideak
- Ohar garrantzitsuak:
- Izena emateko orduan, ez ahaztu eleberriaren dokumetua zein eranskina eranstea.
-
Aurkeztutako obran izenburua edo leloa bakarrik agertuko da; ezin da inolako izenik, izengoitirik, posta elektronikorik edo obraren egiletza ondoriozta dezakeen beste edozein daturik agertu. Ezta PDF fitxategiko metadatuetan ere.





