Getxok tokiko talentua eta kultura-jarduera omenduko ditu Aixe Getxo! sarien hamaseigarren edizioan


-
Guztira, 14 kategoriatako sariak emango dira azaroaren 10ean, Muxikebarrin
Datorren azaroaren 10ean, Aixe Getxo! sarien hamaseigarren edizioko sari-banaketa ekitaldia egingo da Getxon. Muxikebarrin izango da, 19:00etan, eta udalerriko kultura-jarduerari lotutako 14 pertsona, kolektibo eta establezimenduren lana aitortuko da bertan. Getxoko Udalak, Getxo Kulturaren bitartez, sustatzen ditu sari horiek, kulturaren adierarik zabalenean egiten den lana aitortu eta balioan jartzeko, artisten eta sektoreko eragileen lana ikusarazteko eta herritarren parte-hartzea bultzatzeko asmoz.
Ikusizko eta ikus-entzunezko arteen kategorian, Teresa Laviña zinemagilea izango da saritua, Romoko eta Areetako memoria historikoari buruzko dokumentalen zuzendaria; arte plastikoen kategorian, Olatz Otalora Landa artista bisuala, Artium Museoaren eta Tabakaleraren JAI bezalako erreferentziazko proiektuetan parte hartu duena; eta arte eszenikoen kategorian, Iñigo Iraultza ‘Iru’, La Pez konpainiako sortzaile, aktore eta zuzendaria, Umore Azokan hainbat aldiz saritua.
Egungo musika kategorian, The Piper’s Irish Pub-ek jasoko du saria, zuzeneko musikaren gune eta Algortako musika-eszenaren topagune gisa 25 urte bete dituen establezimenduak. Musika klasiko eta garaikidearen kategorian, berriz, Andoni Martínez Barañano tenore getxoztarra sarituko da, Teatro Real eta Gran Teatre del Liceu bezalako agertokietan aritu dena. Literaturaren kategorian, Federico Bilbao Solozabal poeta izango da saritua, dozena bat poema-liburu baino gehiago argitaratu dituena; eta diseinuaren kategorian, Charo Álvarez, Areetako bere tailerrean artisau-moduan jarduten den moda-diseinatzailea, hain zuzen ere.
Arkitektura eta espazio publikoa kategorian, SOiL Arquitectura del Paisaje estudioak jasoko du saria. Getxon kokatutako estudioa ingurumenaren lehengoratzean eta hiri-diseinuan espezializatuta dago, eta, besteak beste, Durangoko Aramotz auzoaren erabateko berroneratze-proiektuan parte hartu du. Gastronomiaren kategorian, Algortako Iwasaki jatetxe japoniarra sarituko da, 2023az geroztik Michelin Gidaren Bib Gourmand bereizgarria duena.
Hezkuntza eta balioetako kultura kategorian, Zirri Marra Arte Tailerrak jasoko du saria, kultura-bitartekaritzan eta arte-hezkuntzan egindako lanagatik; bereziki, GetxoArte Eskoletan proiektuaren bidez, sorkuntza garaikidea ikastetxeetara hurbiltzen duelako. Bestalde, Maia García Verginiony ikertzaileak zientzia-kulturaren eta berrikuntzaren saria jasoko du, fisika kuantikoaren eta material topologikoen arloan egindako nazioarteko ibilbideagatik, 2023an American Physical Societyk bere lana aitortu zuela.
Ondare kultural material eta immaterialaren saria Itxartu Taldeak jasoko du. Algortako elkarteak 50 urte beteko ditu 2026an, euskal folklorea zaintzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen egindako lanari esker. Aixe Getxo Gaztea saria Verónica Uribe-Echevarríari emango zaio, New Yorken zelulen birsorkuntzaren eta diabetesaren inguruko ikerketak egiten dituen biologo molekular eta biomediko getxoztarrari; 2025ean Peter Sheehan Young Innovator Award saria jaso zuen. Azkenik, ibilbide profesional eta artistikoaren saria Galdaretxe gozotegiak jasoko du. Algortan 1970ean sortutako familia-enpresa horrek 55 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du, artisau-gozogintzaren eta tokiko gastronomia-tradizioaren aldeko apustuari eutsiz.





