30/04/2024

Muxikebarriko 2024ko maiatza-abuztuko programazioa

Musika eta dantza protagonista dituen kultur lauhileko bizia abiatuko da Muxikebarrin adin guztientzako publikoari zuzenduta

 

• 47 emanaldi eta 8 zinema-saio izango dira maiatzetik abuztura

• Eskaintzak musika eta arte eszenikoen izen handiak bilduko ditu, baita bertoko artistak protagonista dituzten proiektuak ere

Maiatzaren 2an lauhileko berria hasiko da Muxikebarri zentroan eta maiatzetik abuztura bitartean hainbat ikuskizun eta ekintza hartuko ditu Getxoko zentroak, musika eta dantza bereziki nabarmendu behar direla. 47. Nazioarteko Jazzaldiaren abonu-kontzertuak eta beste hamahiru musika-saio izango dira nagusi. Horiez gain, hamahiru dantza-saio, bost antzezlan, bost familia ikuskizun, bertso-saioa eta zortzi zinema-saio eskainiko dira. Guztira, 47 saio eta adin askotako ikusleak biltzen dituzten zortzi zinema-emanaldi izango dira, adin ezberdinetako publikoei zuzendutako proposamena borobiltzeko.

Musika proposamena maiatzaren 5ean abiatuko da, ‘Kristalezko kioskoa’ zikloaren eskutik. Bost asteburutan, maiatzeko eta ekaineko igandeetan, ekimen horrek aire zabaleko musika eramango du goizeko ordutegian, tokiko bandak protagonista direla. Pren helburua pop, rock, soul, blues eta funk taldeen lana jendeari hurbiltzea da, beste genero eta estilo batzuen artean, Muxikebarriko zabalgunean, Musika Eskolaren aurrean. Bertan, Diablues eta Luzifer Band, Wax & Boogie, Crazy Jazzers, Micky and the Buzz eta Mississippi Queen Trio taldeak arituko dira. Emanaldi guztiak 13:30ean izango dira eta sarrera doakoa izango da.

Maiatzaren 10ean Niña Polaca indie pop rock bandaren txanda izango da, azken urteetan generoaren eszena gehien berritu duen talde esanguratsuentako bat, Getxora ‘Que adoren tus huesos’ biran murgilduta datozela. Astebete geroago, maiatzaren 17an, Txekoslobako izango da protagonista, Gorka Rodriguez getxotarraren reggaetoi proiektu musikala, gazteei festa giroa eskaintzeko, hiriko soinuen eta soinu dantzagarrien eskutik.

Azken proposamen hori Kultur Etxeak bultzatutako Getxo Eszena Irekia deialdian hautatua izan da, eta baita maiatzaren 18an izango den beste emanaldia ere: Earth Songs Project. Rafa Zuloaga musikari getxotarrak zuzendutako ikuskizunak, rock eta musika korala uztartzen ditu eta, oraingoan, ‘Pop Revolution’ izenburupean, Lady Gaga, Dua Lipia, Rihanna edo Coldplay bezalako artisten hit handien bertsioak eskainiko dituzte, rock banda baten eta adin anitzeko 40 ahotsek osatutako koral baten eskutik. Maiatzaren 18an ere, Bonzos bandaren kontzertua izango da, Los Clavos Getxo Soundeko erreferentziazko taldearen oinordekoa, Muxikebarriko agertokiei agur esango diena ia sortua izan zenetik hiru hamarkada igaro ondoren. Maiatzeko musika eskaintza hilaren 31n amaituko da, Oihana Rodriguez teklatu-jotzaileak euskal eszenako proposamen freskoenetako bat eskainiko digu, ‘Ondoloin’ estreinako diskoa, hain zuzen.

Ekainaren 28an iritsiko da Getxora egungo musika panoramako proiekturik dibertigarri eta lotsagabeenetako bat, Ladilla Rusa elektropop bikote bartzelonarra, hain zuzen ere, dibertsio eta musika festaren berme. Hilaren 30ean, Andres Isasi Musika Eskolan baitan sortutako Musikalia bandak ikuskizun berri bat eskainiko du, oraingo honetan Hanfris ahots laukotearekin batera: gospel eta estatubatuar folk doinuak hartzen dituen barbershop ahots-musikari eskainitako ‘Desbandada’ kontzertua.

 

Getxo Jazz

Uztailaren 3tik 7ra Muxikebarrik hartuko ditu Getxoko Jazzaldiaren 47. edizioko ekitaldi nagusiak. Aurten, besteak beste, Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Kurt Rosenwinkel eta Bill Frisell arituko dira bertan. Ohi bezala, Talde Lehiaketako bnda gazteak jardungo dira aurretik agertokian, Europako jazzaren joera berriak entzuleei hurbiltze aldera. Halaber, Algortako Geltokia plazan aire zabalean egingo diren zazpi emanaldik osatuko dute jaialdiaren programazioa.

 

Dantza

Dantzak ere leku nabarmena izango du Muxikebarriko eskaintzan datozen hilabeteetan. Horrela, maiatzaren 4an, Martin Harriague koreografo ospetsuak Gernikaren tragediari omenaldia egingo dio Bilaka Kolektiboa eta Scente Nationale du Sud-Aquitaineren ‘Gernika’ izeneko ekoizpenean. Ekainaren 13tik 17ra bitartean, dantzaren hitzordu errotuenetariko bat izango da gure udalerrian, Getxoko Dantzaren Astea, hain zuzen ere. 30. edizioan, bertoko akademia eta dantza eskoletako 200 ikasle baino gehiago bilduko ditu zortzi saiotan koreografia ugari antzezteko eta askotariko estiloak eskainiko dituzte: dantza klasikoa, garaikidea, urban-a, flamenkoa…

Ekainaren 22an, Adriana Bilbao koreografo eta dantzariak Muxikebarrirekin eginiko ‘Maitasunak’ koproduzioa estreinatuko du. Bertan, Beñat Achiary musikariak eta Raúl Corredor gitarristak ere parte hartuko dute, García Lorca, Itxaro Borda, San Juan de La Cruz eta Bernard Manciet egileen maitasunari buruzko testuei bizia emateko. Dantza programazioari amaiera emateko, Folklore Jaialdiak nazioarteko bi konpainia eta Itxartu dantza talde getxotarra bilduko ditu uztailaren 19tik 21era, 38. edizioan.

 

Antzerkia

Maiatzeko antzerki-programazioa hilaren 11n abiatuko da da, sortu eta 58 urtera indarrean dagoen gaia jorratzen duen lan baten eskutik. Alicia Borrachero buru duen aktore talde baten eskutik, ‘Un delicado equilibrio’ lanak Edward Albee-k gure existentziaren hauskortasuna planteatzen duen testu ospetsua hurbilduko digute. Hilaren 25ean, A Panadaría galiziar konpainiak ‘Las que limpian’ antzezlana eskainiko du, Zentro Dramatiko Nazionalarekin elkarlanean ekoiztutako hoteletako pisu-zerbitzarien lan-borrokari buruzko lana, hain zuzen ere.

Ekainaren 1ean ‘Maquiavelo’ren txanda izango da, Proyecto Cultura eta Caceresko Antzerki Klasikoaren Jaialdiaren koproduzioa. Lanak egile italiar ezagunaren ‘Printzea’ klasikoa hartzen du abiapuntu politikan egun dagoen eskrupulu eza jorratzeko. Zinegoak-Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren eskutik, ‘Erreka Mari’ antzeztuko da, Euskadiko 90eko hamarkadako genero estereotipo mediatikoak berrikusi dituen euskarazko testua. Azkenik, antzerki-programazioa ekainaren 29an amaituko da, ‘¡Agur, Otxoa feroz!’ lanarekin. Unai Izquierdok idatzi eta Getari Etxegaraik zuzendutako biopic honek bilbotar transformista eta artista ospetsuaren bizitzako hainbat pasadizo taularatzen ditu, Jose Antonio Nielfa ‘La Otxoa’ bera buru duen taldearen eskutik.

 

Haurrak

Haurrentzako ikuskizunen proposamena maiatzaren 5ean hasiko da ‘Aletas’ lanarekn, Teloncillo Teatro eta Quinteto Respira musika taldearen eskutik, dantza, argiak eta musikaren bitartez bidaia egitera gonbit egingo diguna. Maiatzaren 12an, Yarlekuk ‘104. haurra’ aurkeztuko du, aktore-lana eta txotxongiloak uztartzen dituen familia antzezlana. Hurrengo astean, maiatzaren 19an, ‘Animalien inauteria’ antzeztuko da. Horretan, aktoreek, itzalek eta maskarek agertokian bat egiten dute animaliak protagonista dituen fabula eskaintzeko. Ekainaren 2an ‘Onin y el misterio del teatro’ lanaren txanda izango da, aniztasunaren eta bizikidetzaren aldeko muntaia dibertigarria. Azkenik, ekainaren 23an, Troupe Malabók ‘Los Pfeiffer’ taularatuko du, pieza klasikoak, poesia bisuala eta clown biltzen dituen musika-antzerki ikuskizuna, hain zuzen ere, ekainaren 21eko Europako Musikaren Eguna ospatzeko asmoz.

 

Bestelakoak

Muxikebarriko programazioan getxotarren artean oso ezagunak diren beste ikuskizun eta ekintza ere izango dira: Zinemabarri eta Zinematxiki zikloetako zinema saioak, azarora arte zinemazale txiki eta nagusiei agur esango dietenak; Gaurik Laburrena/La Noche + Corta film laburren jaialdia (ekainak 25 eta 26); Algortako Bertso Eskolak bultzatutako ‘Bertso Jaialdi Mundiala’ bertsolaritza esperimentaleko ikuskizuna (uztailak 10); eta, azkenik, San Lorentzoko ohiko kontzertua (abuztuak 10), Biotz Alai abesbatzak urtero Getxoko jaia ospatzen duen ohiko saioa.

2024ko maiatza-abuztuko programazio guztia hemen