Getxo Kulturak 343.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten tokiko elkarte eta erakundeentzat kultura- eta gizarte- intereseko jarduerak garatzeko


-
Orotara 23 elkarte izan dira 2025eko dirulaguntza programaren onuradunak
-
Begihandik, Andrés Isasi-Musikaliak, Ondarretak, Alday Patronatuak eta Utopianek dirulaguntza hitzarmenak sinatu dituzte Getxo Kulturarekin
-
Horrezaz gain, ohiko dirulaguntzen deialdiaren bitartez 154.000 euro jaso dituzte bertoko 19 elkartek
2025ean, Getxo Kulturak babesa eman die berriro ere tokiko kultura-elkarte eta -erakundeei, kultura- eta gizarte-interes publikoko ekimenak garatu ahal izateko, eta, horrela, kolektibo getxotarren jarduera sustatzen dela. Guztira, 343.542 euro banatu dira dirulaguntzen bidez udalerriko 23 elkarteren artean. Horietatik 189.542 euroko balioa duten dirulaguntza hitzarmenak sinatu dituzte Getxo Kulturarekin: Begihandik, Utopianek, Alday Patronatuak, Ondarreta abesbatzak eta Andrés Isasi Musikalia elkarteak.
Begihandi kultur elkarteak 105.000 euro jaso ditu Getxophoto Irudi Jaialdia antolatzeko. Izen handiko artista ezagunen argazki-lana hurbiltzen duen nazioarteko kultur hitzordua da, baina aldi berean, tokiko proposamenei ere lekua ematen die. Jaialdiak hiritarrei gerturatzen dizkie urtero argazkigintza eta beste ikusizko arteak, hiri-ingurunera eramatearen aldeko apustua egiten duela, eguneroko bizitzan txertatuz erakusketa irisgarri baterako. Getxophotok, gainera, hainbat ekintza hartzen ditu bere egitarauan, argazkigintzaren sektorearen bilakaera erakusteko, arte-diziplina horren bidez hausnarketa sustatzeko eta Getxon zein Getxotik kanpo kultura-erakargarritasuna sortzeko.
Bestalde, 31.542 euro bideratu dira Utopian Sozietate Kooperatibora arte eszenikoak sortzeko espazio bat kudeatzeko eta garatzeko. Bertan, formakuntza eta ikerkuntza sustatzen da, bai eta ikuskizunak erakutsi. Ibilbide luzeko zentroa da Utopian eta artista, profesional, aditu eta sorkuntza eszenikoan interesa duten pertsonen topaleku bihurtu da.
Alday Patronatua elkartearen kasuan, 18.500 euro jaso ditu hamabi gela eta bi areto dituen espazioa kudeatzeko. Lokal horiek tokiko klub eta elkarteei eskaintzen zaizkie, kultura, arte eta zientzia-arloko ekintzak programatzeko, bilerak egiteko eta, azken batean, kolektibo horien helburuak betetzea ahalbidetzen duten zeregin guztiak garatzeko. Ibilbide luzeko elkartea, fundazio gisa sortu zen 1946. urtean, oso ezaguna da Getxon, tokiko elkarteen jarduera bultzatzeko egin duen lanagatik.
Andrés Isasi-Musikalia elkarteari 16.500 euro eman zaizkio musika interpretazioan interesa duen pertsona orok jarduera hori garatzeko eta musika sustatzeko eta zabaltzeko. Elkarteak Andrés Isasi Musika Eskolako musika bandaren jarduerari eusten dio, kontzertuak eskaintzen ditu Getxon zein beste herri batzuetan, eta prestakuntza bultzatzen du ohiko entseguen bidez eta antzeko beste musika banda batzuekin eginiko kultura-trukearen bitartez.
Azkenik, Ondarreta abesbatzari 18.000 euroko dirulaguntza eman dio Getxo Kulturak aldi baterako izango duen lokalaren alokairuari aurre egiteko. Abesbatzak aurreikusi du bere funtsak eta jarduera Andres Isasi Musika Eskolara bideratzea, behin eraikinaren egokitzapen obrak amaitu eta gero.
Ohiko dirulaguntzak
Bestalde, aipatutako laguntzez gain, bertoko 19 kultura-elkartek jaso dituzte guztira 154.000 euro ohiko dirulaguntzen programaren bitartez beren ohiko jarduera garatzeko. Getxo Kulturak 2012az geroztik kudeatzen duen deialdi horren bidez, talde horiei hainbat jarduera egiten eta gastu arruntak ordaintzen lagundu nahi die. Laguntza-programa udal-elkarteen erregistroan alta emanda dauden eta egoitza Getxon duten kultur kolektiboei zuzenduta dago, baldin eta irabazi-asmorik gabeko jarduera bat egiten badute eta udalerriaren intereseko jarduerak antolatzen badituzte, era horretan Getxo Kulturatik egindako lana osatzen dutela.
Laguntza programaren azken edizio honetan hauexek izan dira laguntzak jaso dituzten elkarteak: Ondarreta Abesbatza Taldea, Agurra Taldea, Antzezaleak, Aretxondo Kultur Elkartea, Artederra Ballet Gaztea, Merklin Organoaren Lagunak, Allantika Musika, Basozaleak, Bentaranoa, Berantzagi Dantza Taldea, Biotz Alai Abesbatza, Irutasun Abesbatza, Eskuz-Esku abesbatza, Itxas Argia, Itxartu, Kimetz abesbatza, Lilura abesbatza, Zasi Eskola eta Zozoak abesbatza.





