25/09/2024

726 getxotarrek eman dute iritzia 'Miren Larrea' muralisma lehiaketako parte-hartze prozesu ez-loteslean

  • ‘Auzotarren mosaikoa’ izan da proposamenik aukeratuena, 235 botorekin
  • Bertako, estatuko eta nazioarteko artistek aurkeztutako 33 proiektuetako 5 lan finalisten artean bozkatu dituzte
  • Areetako Geltokia fatxadan islatuko den proiektu irabazlea urrian zehar jakinaraziko du Kultur Etxeak

‘Miren Larrea’ muralismo deialdiaren barruan proiektu bat hautatzeko prozesu parte-hartzaile ez-loteslea amaitu ondoren, ‘Auzotarren mosaikoa’ aukeratu dute getxotarrek, Giorgos Gkareth Christou artistak eginiko proposamena, hain zuzen ere. Horiek horrela, urrian zehar bilduko da epaimahaia behin betiko proposamena egiteko Kultur Etxeari.

Gobernu Irekiaren eta Modernizazioaren Udal Arloak egindako herritarren partaidetza-prozesua irailaren 5etik 15era egin da, eta 726 parte-hartzaileren botoa jaso da horretan. Zeugaz plataformaren bidez eta aurrez aurre Romo Kultur Etxean, Villamonteko Kultur Etxean eta Getxo Elkartegian euren proiektu gogokoena hautatzeko aukera izan dute herritarrek.

Getxotar boto gehien jaso duen proposamena Giorgos Gkareth Christouren lana da eta ‘Auzotarren mosaikoa’ du izenburua. Lan horren bidez, artistak plazako erreferente ezagunak indartu nahi ditu, eta horretarako collage analogikoa erabiltzen du. Collage horrek auzoan zehar paseatzea proposatzen du, elementu arkitektoniko eta natural desberdinen eskutik, baita eguneroko eszenak erakutsi ere, betiere sakontasunarekin eta altuerarekin jolastuz.

Proiektuak 235 boto jaso ditu eta, horren atzetik, honako proposamen hauek geratu dira: Aaron Diego Escauriazaren ‘Ajedrez’ (187 boto), Amaia Arrazola Otaduyren ‘La mirada de Miren’ (172 boto), Luis Olaso Garraldaren ‘Cuatro estaciones’ (77 boto) eta José Ramón Bañalesen ‘Urban jake’ (55 boto). Bost lan horiek lehiaketako epaimahaiak aukeratu zituen finalista izateko, lehiaketara aurkeztutako 33 proposamenetatik.

Irabazlea aukeratzeko azken pausoak

‘Miren Larrea’ muralismo-lehiaketako epaimahaia urrian bildu ondoren, aukeratutako proposamenaren egile den artistarekin adostuko du kontratua Kultur Etxeak. Behin proiektua hasita, artistak lau hilabete izango ditu hori amaitzeko. Obra herritarrengana hurbiltzeko, egileak bitartekaritza-prozesu bat egin beharko du, eta Getxo Kulturak horren berri emango du unean-unean. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Getxo Kulturako zuzendaritzak, erakundeko bi teknikarik, fatxadaren jabe titularraren jabeen erkidegoko ordezkari batek eta Antzezaleak eta Garrobi tokiko talde artistikoek izendatutako bi sortzailek.