06/08/2025

54 ekoizle bilduko dira igande honetan Getxoko San Lorentzoko Azokan

  • Biotz Alai abesbatzak amaiera ezin hobea emango dio jaiari bere ohiko saioarekin

Igandean, abuztuak 10, San Lorentzoko Azoka izango da Getxon berriro ere eta, ohi bezala, bertan Euskal Herri osotik etorritako 54 ekoizlek baserriko produktuak gerturatuko dizkiete bisitariei. Guztira, 60 saltoki eta bi txosna kokatuko dira Algortako San Nikolas eta Biotz Alai plazetan, 10:00etatik 14:30era bitartean zabalik egongo direla. Arratsaldean, 20:00etan, Biotz-Alai abesbatz getxotarrak ospakizuna itxiko du Muxikebarrin bere ohiko emanaldiaren bitartez.

Azokako bisitariek goiz osoan zehar euskal baserriko produktu tipiko ugari erosi ahal izango dituzte, honakoak esaterako: barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen deribatuak, ogia, pastelak, eztia, sagardoa edo txakolina, apaindurako landareak eta urdaitegiko produktuak, besteak beste, produktu ekologikoak ahaztu gabe.

Trikitilari eta gaitariak egongo dira jai giroa animatzeko. Azokako bi plazetan, gainera, taloa, sagardoa edo bestelako produktu batzuk dastatu ahal izango dituzte. Merkatu honetako produktuen kalitate eta aniztasuna pizgarri nagusiak dira bisitarientzat, eta horiei esker, Getxoko San Lorentzo Bizkaiko azoka garrantzitsuenetako bat da.

Kontzertu korala

Eguna borobiltzeko, Biotz-Alai abesbatza San Lorentzoko jaiari amaiera bikaina emateaz arduratuko da. Taldeak aurten ere kontzertua emango du Muxikebarrin, 20:00etatik aurrera, euskal errepertorioko kanta ezagunak zein beste tradiziozko abestiak eskainiko dituela. Saio horretarako gonbidapenak dagoeneko agortu dira.