2025eko Getxoarte egonaldi-bekak jasoko dituzten hiru proiektuak aukeratu dituzte


-
Sonia Bouso, Eider Moreno eta María Aztiria sortzaileen proposamenak dira
-
Romo Kultur Etxean egingo dira aste honetan hasita eta uztailaren 7ra arte
-
Horietako bat azaroan ekoitzi eta ikusgai jartzeko aukeratuko da
Getxoarte Egonaldi-beken seigarren edizioko epaimahaiak aste honetatik aurrera Romo Kultur Etxean bost astez garatzen hasiko diren hiru ikerketa proiektuak dagoeneko aukeratu ditu. Sonia Bouso, Eider Moreno eta María Aztiria artisten proposamenak hautatu dira oraingoan, eta 5.000 euro bana jasoko dituzte beren ikerketak egiteko. Gainera, lana amaitu ondoren, hiru proiektuetako bat aukeratuko da, azaroan ekoitzi eta zentro bereko erakusketa-aretoan erakusteko. Horretarako, 10.000 € bideratuko dira.
Lehenengo proiektua, Sonia Bousoren Cartografías de lo ausente izeneko proposamena da, mundua ulertzeko eta interpretatzeko zientziaren eta artearen ezinbesteko izaeran oinarritua. Naturarekiko loturatik, kartografiarekiko pasiotik eta ikebanaren (lore apainketa japoniarra) artearekiko erakarpenetik abiatuta, artistak Getxoko ondare natural eta geologikoari buruzko hainbat esku-hartze artistiko iragankor egitea planteatzen du, gerora argazkien bidez islatuko liratekeenak. Javier Elorzak Getxoko ondare natural eta kulturalari buruz egindako ikerketa geologiko bat abiapuntutzat hartuta, artistak formazio geologiko desberdinek eragindako paisaien bilaketa proposatzen du.
Bestalde, Edier Morenoren ‘Apurtu’ argazki-proiektuak Lemoizko zentral nuklearraren irekierak 70-80ko hamarkadetan sortu zuen gatazka sozialean sakontzea du helburu, indarkeria sozialeko ekintzak eta paisaian oraindik irauten duen azpiegitura bat eraikitzeak ekarri zuen indarkeria naturala kontrajarriz. Artxibo historiko-fotografikoa eta memoria erreferentzia nagusitzat hartuta, sortzaileak ibilbide bisuala proposatzen du, gaiak eskatzen dituen konplexutasunari eta sentsibilitateari aurre egiteko erronka duena. Horretarako, apurtutako irudia erabiltzen du, pixelatua, haustura eta proportzionaltasun eza erakusteko gai dena, indarkerien arteko konfrontazioa azpimarratzeko balio duena.
Azken proposamenak, María Aztiriaren eskutik, Formas de convivencia du izenburua, eta Getxoko eguneroko bizitzaren parte den aniztasunari balioa eta ikusgarritasuna ematea du helburu, udalerrian elkarrekin bizi diren istorioen, jatorrien eta bizimoduen aberastasunari balioa emanez. Forma geometrikoetan eta koloreetan oinarritutako proposamen artistiko baten bidez, proiektuak nahasketa hori ikusarazi nahi du, tokiko identitatearen funtsezko zati gisa. Abstrakzio geometrikotik abiatuta, pertsona desberdinek espazio bera nola partekatu, elkarrekin bizi, elkarrekin hitz egin eta elkarrekin eraiki dezaketen irudikatzea da asmoa. Hori guztia islatzeko, artistak formatu handiko horma-irudi bat planteatzen du, baita tamaina txikiagoko lanak ere, ikusizko lengoaia bera duten arren, tamaina aldakorragoetara egokituko direnak.
Ikusarazte artistikoa
Getxoarte beken bidez, Getxo Kulturak praktika artistiko garaikideen inguruko ikerketa ez-formaleko prozesuak eta espazioak ikusarazi nahi ditu, sortzaileen lana sustatzen ere lagunduz eta artearen eta kulturaren arloko beste artista eta profesional batzuekiko interakzioa erraztuz. Gainera, lan artistikoan bitartekaritzaren aldeko apustua egiten du, proiektu guztiek proposamen bat jaso behar baitute, bertan aurreikusitako obra herritarrei hurbiltzeko.