NITA irabazle 47. Jazzaldiko Talde Lehiaketan
-
Flen bandak eskuratu du bigarren saria eta Antonio Moreno talde garailearen tronpeta-jotzailea izendatu dute bakarlari onena
NITA nazioarteko bandak irabazi du Getxoko 47. Nazioarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketa. Flen laukoteak bigarren saria eskuratu du eta garaileen tronpeta-jotzaileak, Antonio Morenok, bakarlari onenari emandako saria jaso du aurten.
NITA nazioarteko taldeak Suedia, Espainia, Irlanda, Herbehereak eta Norvegiako musikariak biltzen ditu. Honako hauek osatzen dute boskotea: Anja Gottberg (baxua, konposizioak), Antonio Moreno (tronpeta), Micheal Murray (saxo altua), Siebren Smink (gitarra) eta Magnus Austad (bateria). 2020an eratu zen taldea Amsterdamen eta ordutik hona estilo paregabea sortu dute, sakontasuna eta gozotasuna transmititzen dituena. Erabakia hartzeko orduan, jaialdiko epaimahaiak honako alderdi hauek azpimarratu ditu: taldearen kalitatea, taldekideen banakako teknika, haien arteko arteko uztarketa eta Gottbergen konposizioen indar adierazkorra.
Flen-i dagokionez, Suediako eta Danimarkako musikari gazteek sortutako jazz talde esperimentala da. Lehen albumean, Välkommen till izenekoan, sokarik gabeko jazzaren bide ugarietan murgiltze dira. Haien musikaren ezaugarri nabarmenenak formazioaren aukerak aztertzea, free jazzean ausartzeko beldurrik gabe, eta adierazpen eta soinu-testuren artean nabigatzea dira. Honako hauek dira taldekideak: Andreas Lundblom (tronpeta), Marius Zeeberg (saxoak), Olle Lannér Risenfors (kontrabaxua) eta Kristian Remnelius (bateria).
Sariak
Talde Lehiaketaren irabazleek 4.500 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, talde irabazlea gaur jardungo da berriz ere Muxikebarrin, 21:00etan, Bill Frisellen aurretik. Halaber, garaileek Eivissako Jazzaldian ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horrekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.900 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 950 euro eskuratuko ditu.