Niko Etxarti omenezko kontzertua egingo dio Getxok 'Iparra galdu gabe' kultur programaren 25. urteurrena dela eta


-
Ikuskizuna azaroaren 21ean izango da, Muxikebarrin, eta Euskal Telebistak grabatuko du
-
Zuberoako kantautorearekin batera Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako artistak ere arituko dira
Getxoko Muxikebarri zentroak Niko Etxarti omenaldia egiteko kontzertua hartuko du datorren azaroaren 21ean, 20:00etan, ‘Iparra galdu gabe’ kultura-ekimenaren 25. urteurrena ospatzeko. Getxoko Udalak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) elkarlanean antolatzen dute, Getxoko kulturako eta euskalgintzako eragile ugariren laguntzarekin, horren helburua dela Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko loturak sendotzea kulturaren eta euskararen bidez. Oraingo honetan, Zuberoako kantautorearekin batera, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako artistak igoko dira oholtzara. Kontzerturako sarrerak uztailaren 27tik aurrera egongo dira salgai Getxo Kulturaren ohiko saltokietan.
Kontzertua Iparra Galdu Gabe egitasmoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako edizio bereziaren ekitaldi nagusia izango da, eta euskal musikaren erreferente handienetako bati egingo dio aitortza. Niko Etxartek (Altzürükü, 1953), 1970eko hamarkadatik aurrera rocka euskaraz egiten aitzindari izan zenak, bost hamarkada baino gehiagoko ibilbidean ekarpen erabakigarria egin dio euskal musikaren berrikuntzari eta euskal kulturaren zabalkundeari.
Ospakizun berezi honetan, Zuberoako musikariak gonbidatutako artista talde zabala izango du alboan. Oholtzan lagun izango ditu Hapa-Hapa taldea, 1980ko hamarkadaz geroztik bere ohiko taldea; Robert Larrandabürü eta Dominika Eiheraberri, Zuberoako kantu tradizionalaren adierazleak; Anje Duhalde, euskal folkaren eta rockaren izen handietako bat; Xabaltx kantautorea, euskarazko kultur eszenako erreferentea, eta Anne Bidalun abeslaria.
Haiekin batera ariko dira Xabi Leon teklatu-jotzailea, Etxarten ohiko kolaboratzailea; Süne, Huntza taldeko abeslari izandakoa eta gaur egun bakarkako ibilbidean murgilduta dagoena; Pello Artabe, Eskean Kristö taldeko abeslaria; eta Getxoko ordezkari gisa, Irantzu Garamendi, folkari lotutako abeslari, flauta-jotzaile eta konpositorea, eta Ainhoa Aranburu, Bidean Erromeriako klarinete-jotzaile eta abeslaria.
Saioak Niko Etxarten ibilbideko kanta esanguratsuenetako batzuk eskainiko ditu, Zuberoako doinu tradizionalekin eta ekitaldirako propio prestatutako lankidetzekin uztartuta, euskal musikaren aberastasuna eta aniztasuna agerian utziko dituen proposamen artistiko batean. Gainera, Euskal Telebistak grabatuko du emanaldia artista zuberotarrari egingo zaion omenaldia ETB ON plataforman ikusgai jartzeko eta horrela ‘Iparra Galdu Gabe’ ekimenaren 25. urteurrenaren ospakizuna publiko zabalago batengana iritsiko da. Halaber, Iparraldeko publikoak beste zuzeneko emanaldi batez gozatzeko aukera izango du Donibane Lohitzuneko Tanka aretoan, azaroaren 28an.
‘Iparra galdu gabe’: 25 urte
Kontzertu honen bidez, mende laurdena ospatuko du ‘Iparra Galdu Gabe’ programak. Bi urtez behin antolatzen den ekimena da hori, eta 2000. urteaz geroztik, honako helburu honekin: Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko loturak sendotzea kulturaren, euskararen eta pertsonen arteko topaketaren bidez. Harrezkero, egitasmoa erreferentziazko gune bihurtu da Iparraldeko sorkuntza kulturalaren aberastasuna eta aniztasuna Getxoko herritarrengana hurbiltzeko, eta mugaren bi aldeetako artisten, kultura-eragileen eta herritarren arteko trukea sustatzeko.





