Getxo Kulturak kultur elkarteen urteurrenak ospatzeko dirulaguntzen deialdia abian jarri du


-
Deialdiak 22.500 euroko aurrekontua du, eta elkarteen 25, 50, 75 eta 100 urteko ibilbideak ospatzeko jarduerak finantzatzera bideratuta dago
-
Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 7ra arte egongo da zabalik
Getxo Kulturak dirulaguntzen deialdi berria zabaldu du, udalerriko kultur elkarteei beren urteurrenak ospatzeko jarduerak antolatzen laguntzeko. Ekimenaren helburua da erakunde horien ibilbidea, Getxoko kultur bizitzari egindako ekarpena eta bazkideek zein boluntarioek hamarkadetan zehar egindako lana aitortu eta balioan jartzea, baita tokiko elkarte-sarea sendotzea eta haren jarraitutasuna sustatzea ere.
Deialdiak 22.500 euroko zuzkidura ekonomikoa du guztira, eta 2026an sortu zirenetik 25, 50, 75 edo 100 urte betetzen dituzten elkarteentzako laguntzak aurreikusten ditu. Erakunde bakoitzak gehienez 7.500 euro jaso ahal izango ditu 25. urteurrena ospatzeko, eta 15.000 euro 50., 75. eta 100. urteurrenak ospatzeko.
Laguntza horiek jaso ahal izango dituzte kultur elkarte izaera duten pertsona juridikoek, baldin eta egoitza soziala edo establezimendu iraunkorra Getxon badute, udalerriarentzat interesgarriak diren jarduerak garatzen badituzte eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan zein Getxoko Udalaren Erakundeen Udal Erregistroan inskribatuta badaude. Diruz lagundutako jarduerek ezohikoak izan beharko dute, urteurrenaren ospakizunarekin lotura zuzena izan beharko dute, 2026an Getxon aurrez aurre egin beharko dira eta publiko orori irekiak izan beharko dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak eta argitalpenak antolatzea, ekitaldien hedapena eta oroitzapenezko materialak ekoiztea.
Eskaerak eta epea
Eskaerak Getxo Kulturaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (https://sede.getxo-kultura.eus/), eta epea 2026ko abenduaren 7ra arte egongo da zabalik. Deialdiaren informazioa eta eskaera egiteko beharrezko ereduak Getxo Kulturaren webgunean kontsulta daitezke (www.getxo-kultura.eus).





