Muxikebarrik 75 ikuskizun biltzen dituen egitarau zabal baten eskutik ekingo dio aurtengo azken lauhilekoari


- Getxo Kulturak tokiko talentua bultzatuko du ‘Getxo Eszena Irekia “deialdian hautatutako hainbat proiekturen bidez
- Getxo Folk jaialdiaren emanaldiak dira nagusi musika programazioan
Irailetik aurrera, Getxok 75 ikuskizun biltzen dituen kultur programazio zabala hartuko du Muxikebarrin, hiru euskal hiriburuen atzetik Euskadiko kultur programazio handiena duen laugarren udalerri bilakatuz. Urtarrilaren 4ra arte, antzerkiaz, zirkuaz, musikaz, dantzaz eta zinemaz gozatzeko aukera izango da bertan, familiei zuzendutako haurrentzako eskaintza eta beste ekitaldi batzuk ahaztu gabe, hala nola ‘Ramiro Pinilla’ literatura sariak edo Aixe Getxo! Kultura sariak. Programazio askotarikoa eta kalitatezkoa, kultura-aniztasunaren aldeko apustua egiten duena, eta ibilbide luzeko konpainia eta artisten proiektuak eta Getxo Eszena Irekia deialdiaren barruan gertueneko sormen-sektoreak garatutako ikuskizunak uztartzen dituena.
Irailean musika izango da protagonista nagusia. 40. Habanera Jaialdiak irailaren 4, 5eta 7an hasiko du programazioa, eta Folk Jaialdiko ordainezko kontzertuek gehituko zaizkio (irailaren 10etik 14ra). Azken horietan, Estrella Morente, Carminho, Capercaillie bezalako lehen mailako artistak bilduko dira, baina baita ikuskizun esklusiboak ere, hala nola ‘Pause’, Xabier Zeberioren eta Andrés Isasi Musika Eskolaren elkarlanaren emaitza, eta Benito Lertxundiri egindako ‘Hunkidura kuttunak’ omenaldia, Arkaitz Hormaetxeren eta Kukairen zuzendaritza artistikoaren eskutik. Bilbao Orkestra Sinfonikoa ere ez da faltako eta irailaren 6an arituko da Getxon eskaintzen duen ohiko emanaldian, oraingo honetan Mikel Fernandezen zuzendaritzapean. Gorka Urbizuren kontzertuak (27an) osatzen du iraileko proposamen musikala. Zirkua ere bertan izango da Zirkuss (17, 18, 19) eta Rojo Telón (21n) konpainien eskutik, eta hilabete honetan zehar ‘Mikel Albisu’ antzerki amateurraren 4. erakustaldia (26, 27 eta 28an) eta ‘Malditos tacones’ antzezlana egingo dira, Luisa Martín eta Olivia Molina protagonista direla.
Urriaren 2tik 26ra bitartean, ‘Getxo Eszenak’ arte eszenikoen 15 ikuskizun gerturatuko ditu Muxikebarrira, familientzako zein helduentzako, euskal eta estatuko dantza eta antzerki konpainien eskutik. Eta urriaren 30etik azaroaren 2ra, Aste Korala itzuliko da, oraingoan 44. edizioan, Japonia, Ukraina eta Letoniako hiru talderen eskutik musika polifonikoa publikoari hurbiltzeko, guztiak ere nazioartean sarituak eta Tolosako Koruen Lehiaketa ospetsuan parte hartutakoak. Aurten, Eskuz Esku taldearen tokiko proposamen bat izango da ere, ‘Con nombre de mujer’ musikaz ehundutako omenaldi intimoa.
Azaroan, Eliades Ochoa (8an) eta Kerobia pop-rock talde nafarra (azken hori ‘Poliorkêtês’ lan berriarekin bira barruan, hilaren 15ean) jardungo dira; bestetik, Xabier Solanok eta Jon Garmendia ‘Txuria’k, ‘Bidasoatik harago’ ikuskizuna aurkeztuko dute, ipuin laburrak eta poemak trikitixaz eta gitarraz lagundutako proiektu berria (7an). Hilabete horretan, etxeko txikienei zuzendutako programazioa egongo da: ‘La tormenta” (16an),), ‘Olaiaren lorategia’ (30ean) eta Cía Orain Biren zirkua ‘Mute… eta hegan!’ ikuskizunaren (hilaren 23an).
Azkenik, abenduan, besteak beste, Getxoko Biotz Alai abesbatzaren Gabonetako Kontzertua izango da (hilaren 20an) eta Cervantesen ‘El Quijote’ ballet ospetsuaren bertsio ezagunenetariko bat berrinterpretatuko dute Getxoko dantza akademietako ikasleek (hilaren 21ean). Urtarrilean, publikoak Wolfgang Amadeus Mozarten musika eta Emmanuel Schikanederren libretoa duen ‘La flauta mágica’ operaz gozatuko du, errepertorio klasikoaren obra enblematiko eta iradokitzaileenetako bat, hain zuzen ere.
Antzerkia, dantza eta arte eszenikoak
Antzerki eta dantza eskaintzak leku nabarmena du datozen hilabeteetarako proposamenean. Horren buruan, Getxo Eszenaren 43. edizioaren egitaraua dago, urriaren 2tik 26ra izango diren Arte Eszenikoen Jardunaldiak. Besteak beste, Andrea Jiménezen ‘Casting Lear’ (4an), klasikoaren berrirakurketa indartsu eta argitsua, emakumeek historian eta eszenatokian beren lekua aldarrikatzeko ahotsa altxatzen duena; ‘Camino a la meca’ (12an), independentziaren eta sormenaren aldeko kantu hunkigarria, Lola Herrera protagonista duela; ‘El cuarto de atrás’ (18an), non Emma Suarezek bere iraganeko oroitzapenekin eta sekretuekin goizaldean hitz egiten duen idazle baten papera egiten duen; eta ‘Lost Letters’, Lucia Lacarraren ballet ospetsuaren ikuskizuna (hilaren 11n). Gainera, arte eszenikoen jardunaldien barruan, Maitane Sarralde artista getxotarraren eskutik, dantza laborategi bat egongo da mugimenduko arteetan interesa duten profesionalei zuzenduta.
Azaroan, berriz, Centro Dramático Nacional-eak ‘Vulcano’ antzezlanarekin iritsiko da (hilaren 29an), iraganeko trauma batetik salbatu nahian dabilen familia baten istorioa, Pilar Bergés, Iván López-Oreta, Albert Ribalta, Eneko Sagardoy eta Macarena Sanz protagonista dituena. Abendua ‘Adarbakarra’ antzerki eta musika ikuskizunaren eskutik hasiko da. Bertan, Maite Aizpurua eta Garazi Navas sortzaileek salbazioa, justizia edo jatorria bezalako topikoen begirada kuri-feminista eskaintzen digute. Hilaren 12an, La Dramática Errante konpainiak Shakespeareren ‘Romeo y Julieta’ lan handiaren bere bertsioa ekarriko du, harremanei buruz hausnartzeko eta maitasunaren paradigma liluragarri berri hau ospatzeko. ‘Piensa en Wilbur’ zirkoko ikuskizuna (26an), ‘Asesinato en el Orient Express’ (27an) eta ‘Blancanieves. El musical ‘(28an) lanak itxiko du arte eszenikoen proposamena.
Juana Bizkarra Arte Eszenikoen egonaldia
Irailaren 17, 18 eta 19an ‘K.OS’ zirku garaikideko ikuskizuna taularatuko da Muxikebarrin, Zirkuss konpainia donostiarrarena, ‘Juana Bizkarra’ Arte Eszenikoen 5. Egonaldia irabazi zuen proiektua. Lander Brionesen zuzendaritza artistikoarekin eta Maialen Alberroren koreografiekin, Picassoren ‘Gernika’ lanean oinarritzen da pieza, eta gatazka belikoetako eskrupulurik ezaz hausnartzea du helburu, besteak beste. Hilaren 17an, publikoari irekitako entsegu bat izango da eta 18an eta 19an aurrestreinaldia eskainiko da (20:00). Gonbidapenak abuztuaren 4tik aurrera egongo dira eskuragarri Getxo Kulturako leihatiletan.
Haur-programazioa, hezkuntza proiektua eta bestelakoak
Muxikebarrik askotariko proposamenak ere eskainiko dizkie familiei: Logela Multimediaren ‘Semaforoa’ irudimentsua (urriak 5), ‘Hamelingo txirularia’ klasikoa (urriak 26) eta ‘Txiki Rock, euskal rockari errepasoa’ (abenduak 7). Cor de Teatrek Verdi, Mozart edo Bizeten obra handiei egindako ‘Operetta’ izeneko omenaldi distiratsu eta lotsagabea ahaztu gabe (urriak 19). Gabonetan, Candileja Producciones-ek ‘Blancanieves. El Musical’ ipuin klasikoaren (abenduaren 28an) bertsio musikalaz familian gozatzera gonbidatzen gaitu, eta Manel Rosés akrobatak ‘Akri’ (urtarrilaren 4an) dakar, mugak beste leku batetik begiratzera gonbidatzen duen proposamen ikusgarria.
Lauhileko honetan Muxikebarrik hartuko dituen Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako hiru emanaldi izango dira: ‘Nire beldurrik maiteenak’, ‘Loreen Hizkuntza’ eta ‘R & J’.
Ohi bezala, azarotik aurrera zinema Getxoko zentrora itzuliko da Zinemabarri zikloen (osteguna, 19:00) eta Zinematxiki haur zikloaren eskutik (igandea, 12:00). Azkenik, ‘Ramiro Pinilla’ eleberri laburreko eta’Txiki Baskardo’ haurrentzako Kontakizunen sari-banaketak (irailak 19) eta Aixe Getxo! (azaroak 19) kultur sariak osatuko dute Muxikebarriko programazioa datozen hilabeteetarako. Iraileko eta urriko ikuskizunetarako sarrerak abuztuaren 4tik aurrera egongo dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan, eta azaroko eta abenduko ekitaldietarako sarrerak irailaren 8tik aurrera erosi ahal izango dira.
Adi!
- Muxikebarriko 2025eko iraila-abenduko programazio osoa HEMEN





