19/06/2025

Musikaren Europako Eguna ospatuko du Getxok asteburu honetan eskaintza anitz baten eskutik

  • Ekainaren 20tik 22ra, publikoak artista amateurrak zein profesionalak biltzen dituen eskaintzaz gozatu ahal izango du, areto barruan zein aire zabalean

Musikaren Europako Eguna dela eta, Getxo Kulturako programazioak zenbait genero eta estilotako musika-emanaldiak eskainiko ditu asteburu honetan. Horrela, ekainaren 20tik 22ra, Muxikebarrin eta Areetako Andrés Isasi Musika Eskolako auditorioan eta aire zabalean izango diren bost saioz gozatu ahal izango du publikoak, horietan artista profesional zein amateurrak protagonista izango direla.

Bihar, ostiralean, hilak 20, Andrés Isasi Musika Eskolak hasiera emango dio asteburuari, 2024-2025 ikasturte amaierako ohiko kontzertuarekin (18:15). Erakustaldi horretarako, gaur egun ikastetxean eskaintzen diren instrumentuen klaseetako ikasleek errepertorio berezia prestatu dute. Kontzerturako sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Larunbatean, hilak 21, eguerdiko 12:00etan All ‘Antica antzinako musika taldeak zabalduko du eguneko eskaintza El jardín de las Delicias obra piktorikoan inspiratutako izen bereko kontzertu antzeztuarekin. Proiektu horren helburua El Boscoren pintura ospetsua musika-eremura eramatea da, hainbat soinuren bidez triptikoan islatutako pasarteei bizia emanez. Horretarako, Hispanoamerikako eta Espainiako piezak eskainiko dituzte antzinako instrumentuen erreplikez baliatuta.

Arratsaldean, 20:00etan, Kalakan talde arrakastatsuak Getxoko Andrés Isasi Musikalia Bandarekin batera, soinu espazio paregabea sortuko du, tradizioa eta musika garaikidearen freskotasuna uztartuz. Txalaparta, txirula, tobera, pandero edo xilintx tresnen erritmoek bat egin dute proiektuan, publikoa musikaren bidez emozio sakoneko mundu batera eramateko.

Igandean, hilak 22, ‘Kristalezko kioskoa’ aire zabaleko musika ziklora iritsiko da (Muxikebarri aurrean, 13:30ean; sarrera doan) Mikel Urretagoiena Ordiziako bateria-jotzailea. Oraingoan Denboran bere bakarkako lehen lana aurkeztuko du Getxon, disko horretan jazzaren erritmo onenak konposatu zein moldatzeko gaitasunak erakusteko prest. Asteburua borobiltzeko, Sondikako Pentagrama kultur elkarteko akordeoi-bandak (Muxikebarri, 18:00) Queen eta Coldplay bezalako talde ezagunen pop-rockaren klasikoak berrinterpretatuko ditu, baita euskal artisten abestiak ere, akordeoia rock talde baten energiarekin uztartuz. Horretarako, Txuma Olague (Sondika) eta Kimetz (Getxo) abesbatzen eta Gorantzaileak dantza taldearen (Sondika) laguntza izango du.

Ordainezko ikuskizunetarako, sarrera guztiak eskuragarri daude online salmentarako ohiko kanaletan (https://getxokultura.janto.es/) eta aurrez aurre Muxikebarri eta Romo Kultur Etxeko txarteldegietan.