Lurium banda frantziarra irabazle Getxoko Jazzaldiko Talde Lehiaketan


-
Cristopher Pérez Quartet-ek eskuratu du bigarren saria eta Levi Harvey Lurium taldeko piano-jotzailea izendatu dute bakarlaririk onena
Lurium banda frantziarrak irabazi du Getxoko 49. Nazioarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketa. Cristopher Pérez Quartet taldeak, berriz, bigarren saria eskuratu du eta Luruim seikoteko piano-jotzaileak, Levi Harvey-k, bakarlari onenari emandako saria jaso du aurten. Irabazleak gaur, uztailak 5, arituko dira berriro ere, Immanuel Wilkins saxo-jotzaile estatubatuarrarren aurretik, Muxikebarrin, 21:00etan.
Lurium uazz garaikideko seikote frantziarra da eta bere doinuak jazz modernoaren hizkuntzan eta gaur egungo musikan oinarritzen dira. Bere errepertorioa kanta originalez osatuta dago, eta erritmo organikoak, harmonia zizelatuak eta soinu-paisaia zinematografikoak elkartzen dituen estetika garatzen du. Musikari bakoitzak bere nortasuna eta berezitasuna ematen ditu, eta taldeak nortasun kolektibo sendoa eratzen du, bat-bateko elkarrekintzez eta indarraren eta sotiltasunaren arteko oreka etengabe bilatzeaz hornitua. Taldekideak honako hauek dira: Victor Maisonneuve (saxo altua), Oscar Viret (tronpeta), Loan Buathier (gitarra), Cyril Drapé (kontrabaxua), Tamino Edener (bateria) eta Levi Harvey (pianoa). Azken horrek, hain zuzen ere, Bakarlaririk Onenari emandako saria ere irabazi du.
Bestalde, Cristopher Pérez Quartet-ek bigarren saria eskuratu du. Espainiako Musika Gazteen Lehiaketa Nazionalaren irabazleak (2024), Lanzarote, Madril eta Murtziako lau musikari talentudun biltzen dira bandan, estilo anitz uztartzen dituen musika eskaintzeko. Jazzaren erritmo bizietatik hasi eta jatorrizko lekuen eragin musikaletaraino, bere lanak kultura eta musika anitz esploratzen ditu. Sormena eta pasioa uztartzen dira beren konposizioetan, publikoa soinu-bidaia ahaztezin baten barrena eramateko asmoz. Cristopher Pérez (saxoa), Guillaume Coulbois (pianoa), David Muñoz (kontrabaxua) eta Daniel Pimientak (bateria) osatzen dute laukotea.
Sariak
Talde Lehiaketaren irabazleek 4.500 euro jasoko dituzte eta CD bat grabatuko dute zuzenean. Gainera, talde irabazlea gaur jardungo da berriz ere Muxikebarrin, 21:00etan, Immanuel Wilkins-en aurretik. Halaber, garaileek Eivissako Jazzaldian ere parte hartuko dute, Getxo Jazzaldiak horrekin duen lankidetza-hitzarmena dela medio. Bigarren sariari 1.900 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 950 euro eskuratuko ditu.





