Musika-proiektuak garatzeko 'Getxolive Pro' dirulaguntza deialdia abian da
Deialdiak lau laguntza-modalitate ditu, entseguetarako, grabazioetarako, aholkularitza profesionalerako eta produkziorako
Getxoko Kultur Etxeak ‘Getxolive Pro’ deialdia jarri du abian, musika-proiektuak egiteko eta euskal kultura-sektorean sortzen ari diren bakarlarien eta taldeen hazkundea eta garapen profesionala bultzatzeko. Deialdi honen bidez baliabideak emango dira entsegu eta grabazio aretoak erabiltzeko, aholkulari profesionalak kontratatzeko, musika-lanak argitaratzeko edo bideoklipak ekoizteko. Eskabideak aurkezteko interesa dutenek bihar hasita, urtarrilak 3, egin dezakete, martxoaren 4ra arte.
‘Getxolive Pro’ talde eta bakarlari getxotarrentzako laguntza da, entseguak egiteko espazioak, profesionalki hornitutako estudio batean musika-konposizioak grabatu, musikaren edo kulturaren sektoreko profesionalen aholkularitza eta prestakuntza, edo musika-lanak argitaratu edo bideoklipak ekoizteko. Helburu horiek 4 laguntza-modalitatetan hedatzen dira. Lehenengoa, Romo Kultur Etxeko entsegu-areto intsonorizatuak erabiltzera bideratuta dago, eta ekipamendu horiek erabili ahal izateko 100 orduko 10 poltsa diruz laguntzean datza. Bigarrenak, berriz, 40 orduko 10 poltsa eskaintzen ditu, zentro bereko grabazio-gela doan erabili ahal izateko, eta, horrez gain, soinu-teknikari baten asistentzia ere eskainiko da.
Hirugarren modalitatea kultura kudeatzeko eta musika sortzeko, ekoizteko eta zabaltzeko aholkularitza edo laguntza profesionalari zuzenduta dago, bandek edo bakarlariek interpretazioaren eta kudeaketaren esparruan egiten duten lana hobetze aldera. Horretarako, 3.000 euroko lau dirulaguntza eskainiko dira. Azkenik, zenbateko bereko beste lau dirulaguntza emango dira, bideoklipak finantzatzeko eta musika-lanak argitaratzeko. Guztira, deialdiak 24.000 euro bideratuko ditu gehienez, eta zenbateko horri gehitu behar zaizkio soinu-teknikari baten zerbitzuak (gehienez 400 orduko paketeagatik), bai eta RKEren entsegu- eta grabazio-aretoen lagapena ere.
Deialdirako eskabideak era telematikoan aurkeztu ahal izango dira Getxoko Udalaren erregistro elektronikoaren bidez (https://eudala.getxo.eus). Deialdiaren dokumentazio osoa hemen eskura daiteke: www.getxo.eus/kulturadeialdiak. Behin eskabide guztiak baloratuta, Kultura Etxeak gehienez ere hiru hilabeteko epean jakinaraziko ditu hautatutakoak, eskabideak jasotzeko epea amaitu ondoren.