Liburukutxa Andra Mari
Liburukutxa zerbitzuak udal liburutegiak gerturatuko ditu Andra Marira maiatzetik aurrera
Auzoko kiroldegian postontzi automatikoa egongo da eskatutako liburuak jaso eta itzultzeko
Maiatzetik aurrera, Kultur Etxeak Liburukutxa jarriko du abian, udal liburutegiak Andra Mari auzoko eta inguruko biztanleei hurbiltzeko zerbitzua, hain zuzen ere. Sistema berri horri esker, liburutegiei eskatutako liburuak Andra Mari kiroldegiaren barruan dagoen armairu automatizatu batean jaso eta itzuli ahal izango dira. Hori erabili ahal izateko, beharrezkoa izango da liburutegietako bazkide izan edo NAN zenbakia erabiltzea.
Liburuen maileguak maiatzaren 2tik aurrera (osteguna) liburutegietara telefonoz deituz edota e-mail bat bidaliz egin ahal izango dira eta hilaren 7tik aurrera postontzian jaso. Azken data horretatik aurrera, asteartero eramango dira postontzira eskatutako liburuak eta erabiltzaileek bost eguneko epea izango dute horiek jasotzeko. Epe hori igarota, jaso gabeko aleak jatorrizko liburutegietara itzuliko dituzte.
Armairua erabiltzeko prozedura oso erraza da. Gailuaren menu-pantailan eskaera baten bilketa edota itzulketa bat egingo den aukeratu beharko da. Jarraian, liburutegien txartela eskaneatu, bazkide zenbakia sartu edo NAN zenbakia (letra barik) jarriko da eta liburuaren titulua pantailan aukeratuko da. Ondoren, liburua jaso nahi bada, ate bat automatikoki zabalduko da titulua atera ahal izateko. Alea itzultzeko, berriz, aldez aurretik liburua eskaneatu beharko da eta, ondoren, zabalduko den armairuan sartu.
Ordutegia
Liburukutxa Andra Mari zerbitzua astelehenetik igandera erabili ahal izango da, kiroldegiko ordutegian. Neguan (irailaren 16tik ekainaren 15era), 8:30etik 21:30era; eta udan (ekainaren 16tik irailaren 15era bitartean), 8:15etik 13:45era eta 17:30etik 21:30era. Bestalde, postontzian jaso beharreko liburuen mailegua eskatzeko udaleko hiru liburutegietan egin daiteke, ohiko ordutegietan, honako zenbaki hauen bidez: 94 491 17 04 (San Nikolas) / 94 464 48 10 (Romo) / 94 431 92 81 (Villamonte). Eskaerak e-mailez ere egin ahal izango dira helbide honen bitartez: liburutegiak@getxo.eus. Azkenik, gailuaren funtzionamendua ezagutu nahi dutenek, in situ egin ahal izango dute, datorren asteko astelehenean, maiatzak 6, eskainiko den prestakuntzaren bidez. Liburutegiek laster emango dute horren berri euren zentroetan eta sare sozialen bidez.