31/05/2024

'Leinu' proiektua aukeratu dute 'Juana Bizkarra' 4. egonaldi artistikorako

‘Leinu’ proiektua hautatu dute ‘Juana Bizkarra’ egonaldi artistikoaren laugarren edizioan

  • Berdinki Zirkua konpainiaren proposamena gurasotasuna eta hazkuntza bezalako gaiak lantzen dituen zirku garaikideko ikuskizuna da
  • Ikuskizuna irailaren 19an eta 20an antzeztuko da Muxikebarrin

‘Leinu’ da Juana Bizkarra Egoitza Artistikoaren laugarren edizioko epaimahaiak hautatutako proiektua. Berdinki Zirkua konpainiak sortutako zirku garaikideko pieza horrek gurasotasuna eta hazkuntza bezalako jorratzen ditu gaur egungo ikuspegi batetik. Horretarako, zenbait modalitate artistiko uztartzen dituzte, hala nola akrobaziak, dantza eta antzerkia. Proiektua martxan jartzeko egoitza abuztuaren 24tik irailaren 20ra bitartean izango da, Muxikebarri zentroan, eta irailaren 19an eta 20an, lanaren aurrestreinaldia.

Aukeratutako proiektuak bikote baten istorioa kontatzen du, elkarbizitzako hainbat urte partekatu ondoren eta 40 urte betetzear daudela, guraso izateko erronkari aurre egiten diotenak. Haurrak izateko desioak, zalantzak eta beldurrak krisi egoera batera eramango dituzte, eta orain arte ezezaguna zen egoera batean jarriko ditu. Abiapuntu horretatik, ikuskizunak publikoarengana hurbiltzen du ondorengotzarekiko giza obsesioa eta bizitzeari uzten diogunerako arrastoa utzi beharra, seme-alabengan nahitaez islatu behar ez den herentzia alegia, adibidez, sorkuntza artistikoetan ere isla daiteke-eta. Halaber, hainbat gai planteatzen ditu lanak, hala nola gurasotasun-formulak eta haien rolak, hazkuntza edo gure seme-alabak hazteko asmo profesional eta pertsonalak betetzeari uko egitea.

Berdinki Zirkua konpainiak 2019an ekin zion bere ibilbideari, Irati González Jaimerena eta Koldo Arakistain Irazusta sortzaileen ekimenez. 2017tik aurrera proiektu anitzetan parte hartu dute, besteak beste, Asvinenea arte eszenikoen laborategiaren kudeaketan. Hasiera-hasieratik, generoa, rolak edo botere-harremanak bezalako gaiak lantzearen aldeko apustua egin dute, hainbat alderdi profesionaletan. Bere debuteko piezan “Mikra” izenekoa, agerian utzi dute hainbat gizarte-gaitan duten inplikazioa eta hainbat gaitan, hala nola berdintasunean eta feminismoan, gizarte-iruditeria aldatzeko asmoa. Lana 2020an estreinatu zen, Hendaian, eta, ordutik, emanaldiak egin dituzte euskal eszenako hainbat programatan, baita Frantzian eta Portugalen ere. 2020tik aurrera, Zirkuola tailer eta antzerki eskolaren kudeaketaz arduratzen dira.

Laugarren edizioa

Aurtengo edizioaren epaimahaia honako hauek osatu dute: Getxoko Kultur Etxeko teknikariek, Sofia Alforja Sagone Dantzagunea Gipuzkoako koordinatzaileak eta Xanti Val Zabaleta Lezoko Udaleko Kultura arduradunak. Hautatutako proposamenak 10.500 euroko diru-zuzkidura jasoko du eta lanaren aurrestreinaldia irailaren 19an eta 20an izango da Muxikebarrin. Bertan ere, hilaren 18an, entsegu irekia egingo da. Aurrestreinaldietara zein entsegura joateko sarrerak Muxikebarriko leihatilan eta Romo Kultur Etxean jaso ahal izango dira, uztailaren 29tik aurrera.

Juana Bizkarra egoitzak euskal kultura-sektoreari lagundu nahi dio, espazio eta baliabide profesionalak eta diru-hornidura eskainiz antzerki-lanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Halaber, ekimen horren bitartez, sorkuntza-prozesua getxotarrei hurbildu nahi die Kultur Etxeak, haien ezagutza, esperientzia eta kulturan duten parte-hartzea hobetzeko. Horregatik, obraren antzezpenaz gain, bitartekaritza-ekimenak egingo dira, artistak herritarrekin.