19/09/2024

'Las ciegas hormigas' irakurketa dramatizatua estreinatuko da Muxikebarrin irailaren 21ean

  • Garbi Losadak zuzentzen du Ados Teatroaren ikuskizuna, hamaika interpretez osatutako taldea biltzen duena
  • Muxikebarrik koproduzitutako lana Getxon arte eszenikoak sustatzeko SGAE-Euskadirekin sinatutako akordioaren barruan dago

Datorren larunbatean, irailak 21, ‘Las ciegas hormigas’ ikuskizuna estreinatuko da Muxikebarrin. Ramiro Pinilla idazle ospetsuaren izen bereko eleberritik egokitutako irakurketa dramatizatu horrek Garbi Losada antzerkigile eta aktorea du zuzendari eta Muxikebarri eta Ados Teatroa konpainiaren arteko koprodukzio da. Halaber, Getxoko Kultur Etxeak eta SGAE-Euskadik arte eszenikoak bultzatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Ikuskizuna 20:00etan izango da eta sarrerak, agortzear, Kultur Etxeko ohiko saltokietan eros daitezke.

Gaur bertan izandako aurkezpenean, Xabier Paya Getxoko Kultur Etxeko zuzendariak azpimarratu du ‘Las ciegas hormigas’ bezalako lanak bultzatzearen garrantzia. Izan ere, horrek “estilo eta genero ezberdinen kultur erakusketa sustatzeaz gain, artisten eta kultur eragileen parte-hartzera gauzatzenlaguntzen du” eta “Getxoko kultur ondarea nabarmentzeko” balio du, bertako artistek egindako lana baita. Azken gai horri dagokionez, gogora ekarri du eleberriaren antzerkirako egokitzapena saritua izan zela Kultur Etxeak 2020. urtean abian jarri zuen Kultur Sorkuntzarako lehen deialdian.

Frankismoaren garairik ilunenean girotua, Garbi Losadak egindako egokitzapen honek Jauregui familiaren istorioa eta, zehazkiago, galerna-gau batean jazotako gertakariak azaltzen ditu. Protagonistak zoritxarretan murgilduko dira, kostaldean lokaztu den merkantzia-ontzi ingeles batek garraiatzen duen ikatz-karga berreskuratzera joan ondoren. 1961ean Nadal Saria irabazi zuen lan honetako pertsonaiei bizia emateko, Adosek Teresa Andonegi, Ander Ayerza, Teresa Calo, Jon Casamayor, Albar Cirarda, Asier Hormaza, Ramón Ibarra, Lucía Mínguez, Asier Sota, Dorleta Urretabizkaia eta Tomás Vitoriak osatutako antzezle-taldea bildu du.

Garbi Losadak berak nabarmendu du nerabezaroan lehen aldiz irakurri ondoren zirrara handia utzi zion testu baten egokitzapenak ekarri duen erronka, ez bakarrik istorioaren gogortasunagatik, baita bere estilo moderno eta originalagatik ere, ia bakarrizketetatik abiatuta planteatua. Lana girotzeko, argiztapen eta eszenografia sotil baten aldeko apustua egin du Adosek, eta horiei Javier Asínen zuzeneko piano musika gehitu behar zaie.

Muxikebarriko koprodukzioak

‘Las ciegas hormigas’ Muxikebarrin aurten programatuko diren bost koprodukzioetako bat da: Adriana Bilbaoren ‘Maitasunak’ dantza ikuskizuna (ekainaren 22an), Pablo Viarrek zuzendutako ‘Confines’ antzerki muntaia (urriaren 4an), ‘Madre Perla’ dantza pieza (azaroaren 23an), Maitane Sarralderen eskutik, eta ‘Miñan’ muntaia (abenduaren 20an), ArteDramarena.

Gainera, Ados Teatroaren lana Getxoko Kultur Etxeak eta SGAE-Euskadik arte eszenikoak sustatzeko sinatutako akordioaren barruan dago. Azken erakunde horretako zuzendari Joseba Palacios pozik agertu da gaurko aurkezpenean Getxorekin duen lankidetzarekin eta hitzarmen honek lurraldean arte eszenikoak bultzatzeko ematen duen aukerarekin.