13/03/2024

'Juana Bizkarra' Arte eszenikoen sormena bultzatzeko 4. egonaldia

Bihar, martxoak 2,  arte eszenikoen taularatzea bultzatzeko «Juana Bizkarra» 4. Egonaldirako deialdia abiatuko da. Getxoko Kultur Etxeak bultzatutako ekimen hori konpainia profesional, sendotu eta sortu berriei zuzenduta dago eta 10.500 euro bideratuko ditu proiektu eszeniko bat ekoitzi eta muntatzeko. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 2ra arte egongo da zabalik.

Ekimen horren bitartez euskal kultura sektoreari lagundu nahi zaio, espazio profesionala, baliabideak eta zuzkidura ekonomikoa eskainiz antzerki-lanak, obra koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi zaie, kulturan duten ezagutza, esperientzia eta parte-hartzea hobetze aldera. Egoitzan, gainera, hiru topaketa egingo dituzte Getxoko herritarrekin eta herriko taldeekin. Azken horien kasuan, konpainia profesionalen eta tokiko kultura-sektorearen arteko elkarrekintza sustatu nahi da.

Hautatutako ikuskizuna ekoitzi eta muntatzeko, eta horren bitartekotza-plana garatzeko epea abuztuaren 24tik irailaren 20era bitartean izango da. Egonaldia Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan egingo du aukeratutako konpainiak eta 2024ko azken hiruhilekoan aurrestreinaldirako bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki batekin amaituko da.

Hartzaileak

Deialdian izena emana ahal izango du bere jarduera arte eszenikoen barruan garatzen duen edozein pertsona juridikok, hala nola antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak muntatzen dituzten antzerki-, dantza-, txotxongilo- eta zirku-konpainiek. Deialdiari buruzko informazio osoa http://www.getxo.eus/kulturadeialdiak webgunean dago eskuragarri eta, edozein galdera egin nahi izanez gero, interesdunek honako helbide elektronikora jo dezakete: programazioa@getxo.eus.