13/09/2024

Joxe Mari Unanue Echeverria eta Diego Sánchez Aguilar, 'Ramiro Pinilla' 7. Eleberri laburren lehiaketako irabazleak

  • Lexuri González-Pinto Kintana y Sara Araico Soaresen testuak saritu dituzte haurrentzako ‘Txiki Baskardo’ kontakizun lehiaketan

Gaur, Muxikebarri zentroan, Getxo Kulturak eta Pinillesca kolektiboak bultzatutako ‘Ramiro Pinilla’ Eleberri Laburren Lehiaketaren zazpigarren edizioaren irabazleak jakinarazi dira. Joxe Mari Unanue Echeverriak euskarazko lan onenaren saria eskuratu du eta Diego Sanchez Aguilarrek gaztelaniazko testu onenari emandakoa. Gainera, Lexuri Gonzalez-Pinto Kintana eta Sara Araico Soares bertako ikasle gazteak saritu dituzte ‘Txiki Baskardo’ haurrentzako kontakizunen lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.

‘Tori, mikroplastiko bat’ eleberriaren bitartez, 22 urte besterik ez dituen Joxe Mari Unanue Echeverria idazle oriotar gazteak irabazi du euskarazko saria. Horretan, bikotekidearekin hautsi eta bizi ziren etxebizitza utzi behar izan ondoren, amamarekin bizitzera joatea erabakitzen duen emakume gazte baten istorioa kontatzen du. Hala ere, laster agertuko dira belaunaldien arteko desberdintasunak eta inoiz azaleratu ez diren sekretuak.

Epaimahaiak testuaren freskotasuna nabarmendu du, bai eta egileak gaurkotasuneko gai eta kezketan sakontzeko duen erraztasuna, bi emakumeren ahots narratiboen bidez. Eleberrian, gainera, kontzeptu kontrajarriak jorratzen ditu egileak, hala nola zahartzaroa eta gaztaroa edita tradizioa eta modernitatea, eta, aldi berean, beste gai batzuetara hurbiltzen da, hala nola mugan bizitzearen argi-itzalak. Lan honekin, Unanuek, berriki Lehen Hezkuntzan graduatuak, eleberriaren generoan egin du debuta, orain arte kontakizun laburrak, ipuinak eta poemak baino ez baititu idatzi.

Bestalde, Diego Sánchez Aguilarrek (Cartagena, 1974) gaztelaniazko eleberririk onenari emandako saria lortu du ‘El órgano’ lanarekin. Bertan, justizia funtzionario baten bizipenak kontatzen dira, mendiko herri txiki batera iristen baita bertako elizako organistaren heriotza ikertzera. Eleberri gotikoaren eta tragedia grekoaren artean, Prometeoren mitoaren eguneratze bat aurkezten du, giza izaeraren sakonean eta ilunenean arakatzeko. Epaimahaiak nabarmendu du egileak ahots narratzaile bakoitzari ematen dion egitura zaindua eta nortasun propioa. Itxuraz kostunbrista den istorio bat da, bere ebazpen formalak generoaren elementuak gainditzen ditu eta mahai gainean jartzen ditu errua, herri txiki baten giro zapaltzailea eta, gerraren ondorioz, degenerazio morala bezalako gaiak.

Murtziako idazlea Filologia Hispanikoan doktorea eta Gaztelania eta Literaturako irakaslea da. Aurretik ‘Nuevas teorías sobre el orgasmo femenino’ idatzi du, eta, horrekin, kontakizun-liburu onenaren 2016ko Setenil saria eskuratu zuen. Bere lehen eleberria ‘Factbook. El libro de los hechos’ (2018)izan zen eta 2023an bigarrena argitaratu zuen, ‘Los que escuchan’, Europako Eleberrien Grand Continent sariko finalista. Poeta gisa, ‘Diario de las bestias blancas’ (Dionisia García Poesiaren Nazioarteko Saria, 2008) eta ‘Las célebres órdenes de la noche’ (2016) argitaratu ditu. Horrez gain, kritikak eta artikuluak argitaratu ditu Quimera eta El coloquio de los perros literatura aldizkarietan, bestak beste.

Zazpigarren edizioa

‘Ramiro Pinilla’ Eleberri Laburren Lehiaketaren azken edizio honetan inoiz baino partaide gehiago izan dira. Guztira, 263 lan jaso dituzte antolatzaileek, iaz 170 bidali zirela. Aurkeztutako testuak, ohi bezala, jatorri askotarikoak izan dira: 94 Euskadi eta Nafarroako egileen eskutik, horietako 8 getxoztarrak. Gainerako 141 eleberriak ia erkidego guztietatik bidali dira, eta Madrilgo eta Andaluziako parte-hartzaileak nabarmendu dira. Matxalen Gamindek, Haritz Larragetak eta Uxue Razquinek osatu dute lehiaketaren aurtengo epaimahaia. Ohi bezala, lehiaketako irabazleek 6.300 euroko saria jasoko dituzte, eta baita 1.000 euroko laguntza ere emango zaizkie lanak argitaratzen badituzte.

Txiki Baskardo ‘lehiaketa

‘Txiki Baskardo’ haurrentzako kontakizunen lehiaketari dagokionez, Lexuri González-Pinto Kintana Julio Caro Baroja BHIko ikasleak jaso du saria euskarazko modalitatean, aitona bera omentzen duen testu batekin, gure maiteak gogoratzearen garrantzia islatzen duen istorio sentimental eta errealista batekin. Bestalde, Sara Araico Soares Aixerrota BHIko ikasleak irabazi du lehiaketa, gaztelaniaz, bizi garen gizartearekin konpromisoa hartzearen eta sinesten dugun hori defendatzearen garrantzia planteatzen duen garaiko kontakizun irudimentsu batekin. Aurtengo edizioan, DBHko 1. mailako ikasle hauek parte hartu dute: Julio Caro Baroja, Europa Ikastetxea, Aixerrota eta Azkorri.

‘Txiki Baskardoren ibilerak’ lanaren berrargitalpena

Aurten, Getxo Kulturak, Ramiro Pinillaren heriotzaren 10. Urteurrenean, Erein argitaletxearen bitartez, ‘Txiki Baskardoren ibilerak / Andanzas de Txiki Baskardo’ eleberri labur ilustratua berrargitaratuko du. 1977an argitaratu zen, Libropueblo / Herriliburu argitaletxearen edizio elebidunean, eta egileak Euskal Herriaren historia marrazten du haren mitologiaren bidez. Berrargitalpena, 750 aleko tiradarekin, jatorrizkoaren kuasi-faksimilea da, eta horrekiko ezberdintasun bakarra da euskarazko Josu Cepedaren itzulpenaren eguneraketa. Liburua, besteak beste, Getxoko ikastetxeetan eta Euskadiko Liburutegien Sareari atxikitako zentroetan banatuko da.