05/11/2025

Getxotarrek sustatutako edota eginiko arte eszenikoen 19 proiektu erakutsiko ditu Getxo Kulturak datorren urtean

  • ‘Getxo Eszena Irekia’ deialdian hautatutako proposamenak Muxikebarrin eta aire zabaleko espazioetan programatuko dira.

  • 70.000 euro bideratuko dira ekimen horretara, espazioen lagapenari, baliabide teknikoen eta giza baliabidei lotutako gastuak ahaztu gabe

Aurten ere, tokiko kultura-sektorea bultzatzeko konpromisoa berretsi du Getxo Kulturak getxotarrek sustatu edo egin dituzten askotariko diziplinetako hemeretzi proiektu erakutsiko dituela. Horiek guztiak ‘Getxo Eszena Irekia’ deialdiaren azken edizioan hautatuak izan dira, tokiko kulturaren garapenaren aldeko apustua egiten du ekimena, hain zuzen ere, eta datorren urtean zehar programatuko dira Muxikebarrin eta aire zabaleko guneetan. Guztira, 70.000 euro bideratuko dira proiektuak erakusteko, horiei espazioen lagapenari lotutako gastuak gehitu behar zaizkiela, bai eta baliabide tekniko eta giza baliabiderenak ere.

Aurtengo deialdia hiru modalitatetan antolatu da. Lehenengoa sektoreko profesionalei zuzenduta egon da, pertsona juridikoak zein fisikoak izan. Bigarrenak, irabazi-asmorik gabeko kultura-elkarteen profesionalak ez diren proiektuak hartu ditu, eta, azkenik, udal-erregistroan erregistratuta dauden irabazi-asmorik gabeko kultur elkarteek aurkeztutako proiektu soziokulturalez osaturik dago. Hiru modalitateetan, getxotarrek idatzi, diseinatu edo banatutako obra edo proiektuak daude, baita getxotarrek partaide edota kolaboratzaile dituztenak ere.

Proiektu profesionalen atalean, antzerki, dantza eta musika diziplinetako zortzi proposamen hautatu dira. Horrela, oraingo honetan, Muxikebarriko publikoak Javier Liñeraren ‘Lohi gorria’, Producciones Garroteren ‘DesConectados’, Lucia Astigarragaren ‘Gaupasa’, Mikel Arostegui eta Iñigo Mororen ‘Odysseia’ eta Bramant Teatreren ‘Un siglo de abismos’ antzezlanak ikusi ahal izango ditu. Zerrenda osatzen dute Almudena Pérez koreografoaren ‘Concierto para un cuerpo’ eta ‘El espacio de los límites’ eta SSASK Dantza Elkartearen ‘Hitzen artean’ eta ‘Burro’ dantza piezek, baita Zelako Kultur Ideiak taldearen ‘Anonimak’ musika-ikuskizunak ere.

Profesionalak ez diren proiektuentzako modalitatean, guztira, zazpi proposamen aukeratu dira. Musikari dagokionez, aipatzekoak dira Bringasek Muxikebarrin bere disko berria aurkezteko emango duen kontzertua, Alberto Mielgoren ‘Confluencias’ ikuskizuna eta Esther Zarragaren ‘Ahotsak eta bihotzak’, Lilura haur abesbatzaren eta beste bi talderen emanaldia bateratzen duena. Bestalde, All ‘Antika Musika elkarteak ‘Dido y musika, dantza eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen lana erakutsiko du; Oihane García Gamindek ‘¿Quién soy yo?, antzerki eta dantza muntaia eta Zauriak Miazkatu Kultur Elkarteak ‘La ira neumática’ ikuskizun performatiboa. Azkenik, Euskal Herriko Casteller Taldearen, Colla Joves Xiquets de Vallsen elkartearen elkarlanean, castell erakustaldia egingo du aire zabaleko kokapen batean..

Proiektu soziokulturalak

Irabazi-asmorik gabeko elkarteen eskutik proiektu soziokulturaletara zuzendutako modalitatean, lau musika-proiektu hautatu dira oraingoan. Horrela, Neken Musika Elkarteak ‘The Pockets’ kontzertua aurkeztuko du eta Kimetz abesbatzak ‘Algorta-Uppsala: abestuz batu’, saioa egingo du Regionkören Uppsala Län suediar taldearekin. Gainerako bi proposamenak Eskuz Esku abesbatzari eta Itxartu Taldeari dagozkie. Lehenengoak ‘Mozarten eskutik’ izeneko kontzertu parte-hartzailea eskainiko du eta, bigarrenak, Jesus Antruejo zuzendariaren ibilbidearen hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko kontzertu sinfoniko korala.