05/02/2025

Getxotarrek sustatutako edo egindako hogei proiektu erakustiko ditu Getxo Kulturak

  • ‘Getxo Eszena Irekia’ deialdian hautatutako proposamenak 2025ean zehar programatuko dira eta 2026an Muxikebarri, Romo Kultur Etxea eta Areetako Geltokia plazan

  • Gehienez, 120.000 euro bideratuko dira ekimen honetara

Getxok tokiko kultura-sektorea bultzatzeko konpromisoa berretsi du, getxotarrek sustatu edo egin dituzten diziplina askotako hogei proiektu erakutsiko dituela. Horiek guztiak ‘Getxo Eszena Irekia’ deialdiko azken edizioan hautatu dira. Getxotar kulturaren garapenaren aldeko apustua egiten du erakundeak ekimen horrekin, eta aukeratutako proposamenak aurten eta datorren urtean programatuko dira Muxikebarrin, Romo Kultur Etxean eta Areetako Geltokia plazan.

Oraingo honetan, deialdia 120.000 euroko gehienezko aurrekontuaz hornitu da, eta bi modalitatetan egituratu da: lehenengoa, proiektu profesionaletara bideratua, eta, bigarrena, ekimen ez-profesionaletara. Lehenengo kasuan, sektoreko profesionalen hamabi proposamen hautatu dira, pertsona fisikoak eta juridikoak. Horien artean daude ‘Exodus’ opera esperimentala, ‘Putzua begibistan’ antzezlana (Utopian-Getxoko Antzerki Eskolaren eskutik), ‘¡Qué fantástica es la fiesta!’ musikala eta ‘Nancy Grace Roman’ bakarrizketa.

Lucia Astigarraga eszena-zuzendariaren ‘La boda de otros’ antzerki-muntaia eta ‘Chet Baker eta Itsasoa’ musika-ikuskizuna ere aukeratu dira deialdi honetan, baita ‘Igogailua’ antzerki-ikuskizuna ere, sorkuntzaren sustapenera zuzendutako ‘Getxoko sortzaileak’ deialdian ere hautatu zena. Kitflus Ensembleren jazz kontzertua, ‘Tengo algo preparado’ eta ‘Ni Romeo, ni Julieta’ antzezlanak eta ‘Sincronías’ eta ‘Hustu. Elogio al viento ‘, azken hau Matxalen Bilbaoren eskutik, aukeratutako proiektuen zerrenda osatzen dute.

Profesionalak ez diren proiektuak

Amateur modalitatean, kultur elkarteek edo pertsona fisikoek aurkeztutako zortzi proposamen hautatu dira. Horietatik bi aire zabalean taularatuko dira, Areetako Geltoki plazan: West Bluegrass Band taldearen kontzertua eta Sensei Music Ensembleren ‘Peixe’ ikuskizuna, biak Folk Jaialdiaren programazioaren barruan. Romo Kultur Etxean ‘Alas de hierro’ antzezlana egingo da eta, gainerakoa, Muxikebarrin. Bertan, kontzertu bat izango da, akordeoi orkestrarako moldatutako rock abestien bertsioekin, ‘Coaching Comedy’ umorezko bakarrizketen ikuskizunarekin, ‘Cantando para Elisa’ komedia musikalarekin, ‘El jardín de las delicias’ kontzertu antzeztuarekin eta, azkenik, Gildas bandaren saioa.