02/03/2026

'Getxoko sortzaileak' kultur sorkuntzarako deialdia abian jarriko bihar hasita

  • Edizio honetan 150.000 euro zuzenduko zaizkie sorkuntza-prozesuak garatu nahi dituzten getxotarrei zein Getxoko udalerriari loturiko kanpoko proiektuei

Getxo Kulturak ‘Getxoko sortzaileak’ deialdiaren seigarren edizioa abian jarriko du bihar, martxoaren 3an. Ekimen horren xedea da laguntza eskaintzea artelanak egitera zuzendutako sorkuntza prozesu zehatzak garatu nahi dituzten getxotar guztiei zein udalerri honi lotutako mota honetako proiektuak garatzeko interesa duten Getxokoak ez diren sortzaileei. Proposamenak jasotzeko epea maiatzaren 4ra arte egongo da zabalik.

Deialdiak hartzen dituen modalitate artistikoak zazpi dira guztira: arte eszenikoak, ikus-entzunezko lanak eta bideoklipak, musika, literatura eta ilustrazioa, hezkuntzako edota bitartekaritza proiektu kulturalak sortzea eta garatzea, obra bisualak eta plastikoak eta baita beste sorkuntza diziplina batzuetako obrak ere. Proiektuak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira, eta ezingo dira itzulpenak izan. Era berean, aurkeztutako obrak sormen-fasean egon beharko dira guztiz garatu gabe eta eskatzaileak bakarka sortutako lanak izan behar dira.

Kultur alorreko profesionalez osatutako epaimahaia arduratuko da kategoria guztietako sorkuntzak hautatzeaz, irizpide hauen arabera, besteak beste: udalerriarekiko lotura, proiektuaren kalitatea eta interesa, obraren jarraipen aukerak (interesa eta irismena aintzat hartuta), euskararen presentzia eta erabilera eta genero-ikuspegia txertatzea.

Gehienez, 48 proiektu aukeratuko dira, horietako bakoitzari 3.150 euro esleituko dizkiotela, eta aukeratutako sortzaileek gehienez bederatzi hilabeteko epea izango dute behin betiko sorkuntza Kultur Etxeari aurkezteko. Aurten, gehienez 150.000 euro bideratuko dira deialdi honetara.

Erantzun bikaineko deialdia

‘Getxoko sortzaileak’ deialdiaren azken bost edizioetan ezin hobea izan da jasotako emaitza. Urtez urte 80 eta 100 eskaera bitartean jaso ditu deialdiak, eta 40 eta 48 proposamen saritu ditu. Sarituen artean, iazko datuei erreparatuta, % 51,1 emakumeak izan ziren, eta % 48,9 gizonak; sarituen % 72,3 Getxon erroldatuak izan ziren eta % 27,7 Getxotik kanpokoak.

Proposamenak aurkezteko epea

Aurtengo deialdiari buruzko dokumentazioa dagoeneko eskura dago www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean eta proposamenak era telematikoan soilik aurkeztu ahal izango dira Getxo Kulturako egoitza elektronikoaren bidez (https://sede.getxo-kultura.eus/), bai eta eta legeak ahalbidetzen dituen aurrez aurreko kokapenetan. Ekimen horri lotutako edozein kontsulta helbide elektroniko honetara bidali ahal izango da: getxokultura@getxo.eus. Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 4an amaituko da.