'Getxoko Sortzaileak 2025' deialdiak 150.000 euro bideratuko ditu kultur sormeneko proiektutara


Getxo Kulturak “Getxoko sortzaileak” deialdiaren edizio berri bat abian jarriko du etzi, otsailak 27. Ekimen horren xedea da laguntza eskaintzea artelanak egitera zuzendutako sorkuntza prozesu zehatzak garatu nahi dituzten getxotar guztiei zein udalerri honi lotutako mota honetako proiektuak garatzeko interesa duten Getxokoak ez diren sortzaileei. Proposamenak jasotzeko epea apirilaren 28ra arte egongo da zabalik.
Deialdiak hartzen dituen modalitate artistikoak zazpi dira guztira: arte eszenikoak, ikus-entzunezko lanak, musika, literatura eta ilustrazioa, hezkuntzako edota bitartekaritza proiektu kulturalak sortzea eta garatzea, obra bisualak eta plastikoak eta baita beste sorkuntza diziplina batzuetako obrak ere. Proiektuak jatorrizko bertsioan aurkeztu beharko dira, eta ezingo dira itzulpenak izan. Era berean, aurkeztutako obrak sormen-fasean egon beharko dira guztiz garatu gabe eta eskatzaileak bakarka sortutako lanak izan behar dira.
Kultur alorreko profesionalez osatutako epaimahaia arduratuko da kategoria guztietako sorkuntzak hautatzeaz, irizpide hauen arabera, besteak beste: udalerriarekiko lotura, proiektuaren kalitatea eta interesa, obraren jarraipen aukerak (interesa eta irismena aintzat hartuta), euskararen presentzia eta erabilera eta genero-ikuspegia txertatzea. Gehienez, 48 proiektu aukeratuko dira, eta aukeratutako sortzaileek gehienez bederatzi hilabeteko epea izango dute behin betiko sorkuntza Kultur Etxeari aurkezteko. Aurten, gehienez 150.000 euro bideratuko dira deialdi honetara.
Proposamenak aurkeztea
“Getxoko sortzaileak” deialdiari buruzko dokumentazioa dagoeneko eskura dago www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean eta proposamenak era telematikoan soilik aurkeztu ahal izango dira (Getxoko Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez). Ekimen horri lotutako edozein kontsulta helbide elektroniko honetara bidali ahal izango da: getxokultura@getxo.eus.