22/04/2026

Getxok parte-hartze prozesu bat jarriko du abian gazteek gau beltza ospatzeko proposamenak egin ditzaten

  • Ekimena 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen barruan dago

  •  Proposamenak bidaltzeko epea bihartik maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik

Getxo Kulturak, Udaleko Partaidetza Zerbitzuarekin lankidetzan, parte-hartze prozesu bat irekiko du bihartik aurrera, apirilaren 23tik aurrera, 16 eta 34 urte bitarteko gazteek 2026ko Gau Beltza kultur programazioa sortzen aktiboki parte har dezaten. Ekimen horrek 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan du jatorria, eta bere helburua da Getxoko gazteei protagonismoa ematea ospakizun honen proiektuaren sorreran, adin-tarte horri zuzendutako proposamen kultural eta artistikoak eskaintzeko aukera emanez, bai eta erakargarrienak eta interesgarrienak deritzotenak bozkatzeko ere. Gau Beltza Gaztea 2026 urriaren 31ko gauean izango da, eta gehienez 150.000 euroko aurrekontua bideratuko da proiektu osorako.

Ekimenean parte hartzeko, ezinbestekoa da adin-tarte horren barruan eta Getxon erroldatuta egotea. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru proposamen bidali ditzake jarduera kultural edo artistikoak, hala nola arte eszenikoak (antzerkia, dantza, zirkua, perfomance-a, zuzeneko musika edo DJa), ibilbide tematikoak, ikusizko arteak eta arte plastikoak, literatura, ikus-entzunezko ikuskizunak, hiri-artea edo tailerrak, besteak beste. Proposatutako ekintza oro udalerrian egin beharko da, barruko espazioetan zein aire zabalean, urriaren 31ko 19:00etatik azaroaren 1eko 2:00etara, betiere indarrean dagoen araudia errespetatuz.

Proposamenak zeugaz.getxo.eus atari digitalaren bidez bidali ahal izango dira. Horretarako, formulario intuitibo eta irisgarri bat izango da, parte-hartzaileak beren proposamenaren idazketan gidatuko dituena eta onargarritasun-irizpideen berri emango diena bidali aurretik. Gainera, Getxo Kulturak hiru adibide erantsi ditu, proposamenak egiteko lagungarri izan daitezen. Halaber, prozesuari buruzko informazioa eta zabalkundea emateko materiala argitaratuko da Getxo Kulturako eta Partaidetza Zerbitzuko ohiko komunikazio-kanaletan (sare sozialak, udalaren webgunea, kartelak, eta abar) bai eta Gazteria Zerbitzuaren bitartez ere.

Aurrez aurreko saioa

Maiatzaren 6an, deialdiaren epea ixtearekin batera, Fadurako kiroldegiko Tiki Toki gunean aurrez aurreko parte-hartze saio bat egingo da 18:00etatik 20:00etara, Partaidetza Zerbitzuak antolatutako Zeugaz Egunaren baitan. Proiektuaren helburua proposamen berriak sortzen laguntzea da, bai eta aurkeztutako proiektuak ezagutu, eztabaidatu, osatu eta kontrastatu ahal izatea ere. Horrela, baterako sorkuntza eta hobekuntza kolektiboa sustatuko dira topaketa- eta elkarrizketa-gune batean. Bileran, Getxo Kulturak eta Partaidetza Zerbitzuak parte hartuko dute laguntza teknikoa emateko.

Azken aukeraketa

Proposamenak jaso ondoren, bigarren fasea hasiko da. Getxo Kulturako teknikariek gehienez zortzi proiektu hautatuko dituzte jasotako eta onartutako proposamen guztietan artean, zenbait irizpidetan oinarrituta: kudeaketaren eta ekoizpenaren bideragarritasuna, hainbat arlotan indarrean dauden plan estrategikoekiko bateragarritasuna (euskara, gazteria, berdintasuna, ingurumena, droga-mendetasuna, etab.). 16 eta 34 urte bitarteko gazteek Zeugaz plataformaren bidez bozkatu ahal izango dituzte proposamen horiek, maiatzaren 28tik ekainaren 7ra, eta, azkenik, uztailean prozesuaren emaitzak jakinaraziko zaizkie herritarrei. Aurrekontu erabilgarria gehien bozkatutako proiektuei esleituko zaie, hurrenkeraren arabera, agortu arte.