07/04/2025

Getxok abian jarri ditu 'Juana Bizkarra' egonaldiaren eta Getxoarte Beken deialdiak, arte garaikide eta eszenikoetan sorkuntza sustatzeko

  • Ekimen horiek 15.000 eta 10.500 euroko zuzkidura ekonomikoa izango dute.

  • Eskaerak bidaltzeko epea maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik

Getxo Kulturak bere egonaldi artistikoen deialdiak jarri ditu abian, arte eszenikoen eta praktika garaikideen eremuetan sormen-prozesuen garapena bultzatzeko. ‘Getxoarte’ Egonaldi-bekak eta ‘Juana Bizkarra’ Arte Eszenikoak Sortzeko egonaldiak 15.000 eta 10.500 euroko huzkidura dute, hurrenez hurren, eta eskaerak egiteko epea maiatzaren 7ra arte egongo da zabalik. Deialdiei buruzko informazio osoa www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean dago eskuragarri.

‘Getxoarte’ Egonaldi-beken seigarren edizioak bere garapenean bitartekotza prozesuak txertatzen dituen edozein praktika artistiko garaikideren inguruko ikerketa prozesu eta espazioen ikusgarritasuna sustatzea du helburu. Horretarako, hiru ikerketa-prozesu aukeratuko dira, eta Erromo Kultur Etxean egingo dira bost astez, ekainaren 2tik uztailaren 7ra bitartean.

Horietako bakoitzak 5.000 euroko beka jasoko du eta, egoitza amaitutakoan, arduradunek erakusketa-proiektu argitaragabe bat egin beharko dute. Hiru proposamen bekadunen artean, bat garatuko da, egoitza amaitu ondoren, Erromo Kultur Etxeko erakusketa-aretoan ekoitzi eta ikusgai jarriko dena. Horretarako, 10.000 eurorainoko dirulaguntza osagarri bat bideratuko da erakusketaren diseinua eta kontzeptualizazioa, ekoizpen-, garraio-, muntaketa- eta desmuntaketa-gastuak, katalogoaren garapena eta ekoizpena eta, azkenik, inaugurazioa eta bitartekaritza-planean proposatutako ekintzak estaltzeko. Aukeratutako proiektua aurtengo irailaren 1etik azaroaren 30era bitartean garatuko da eta erakusketa azaroaren 3tik 30era bitartean izango da.

‘Juana Bizkarra’ egoitza

Bestalde, ‘Juana Bizkarra’ Arte Eszenikoak Sortzeko egonaldiaren bosgarren edizioak euskal kulturaren sektorea lagundu nahi du, baliabide ekonomikoak, materialak eta giza baliabideak emanez, baita antzerki-, koreografia- eta eszena-lanak ekoizteko eta muntatzeko espazio profesional bat ere. Egonaldia aurtengo abuztutik irailera bitartean izango da, eta 10.500 euro bideratuko dira horretarako. Proiektuaren azken emaitza a posteriori egingo den aurrestreinaldian ikusi ahal izango da, Muxikebarri Zentroko Arrigunaga aretoan. Bertan, gainera, entsegu orokor bat egingo da, baita herritarrekiko beste topaketa batzuk ere, proiektuaren bitartekaritza-programaren barruan.