Getxoartek bertoko sorkuntza artistikoarekiko konpromisoa indartuko du aurtengo edizioan


-
Azaroan, besteak beste, ‘Getxoarte eskoletan’ proiektua garatuko da hiru ikastetxetan, aire zabaleko pintura lehiaketak izango dira eta ekoizpen beka irabazi duen proiektuaren erakusketa ikusgai egongo da Romon
-
Sare sozialetan ‘Artista bat auzoan’ ekimenaren bideoak zabalduko dira eta Romo Kultur Etxeko bitartekaritza-programaren bidez tokiko sortzaileen lana hurbilduko zaio publikoari
Aurtengo edizioan, Getxoarte programak tokiko sorkuntza artistikoaren aldeko apustua sendotuko du eta, azaroan zehar, Getxoko sortzaileen talentua bultzatu eta beren lana herritarrengana hurbiltzen duten hainbat ekimen hartuko ditu. Horrela, Miren Begoñe Bilbao eta Ibon Garagarza komisarioek, Getxo Kulturarekin elkarlanean, egitarau anitza osatu dute 2025eko ediziorako. Aurten bi pintura-lehiaketa, eskola-tailerrak eta herritarrei zuzendutako bitartekaritza-jarduerak izango dira, hala nola hitzaldiak, performance-ak eta hitzaldiak, besteak beste, ‘Artista bat auzoan’ ekintza ahaztu gabe. Azken proiektu horrek zenbait artisten lana eta sorkuntza-prozesuak erakutsiko ditu sare sozialetan zabalduko diren bideoen bitartez.
Getxoartek lankidetza estua du herriko ikastetxeekin ‘Getxoarte eskoletan’ programa garatzeko. Horretan, tokiko sortzaile garaikideek sei prestakuntza-saio egiten dituzte urtero ikasleekin, eta hainbat arte-diziplinaz baliatzen dira sormena, hausnarketa kritikoa eta gazteek kultura-prozesuetan duten protagonismoa sustatzeko. Aurtengo edizioan, Maitane Sarralde (BHI Artaza-Romo), Marta Iraurgi (Zubileta eskola), Maria de Viana (San Nikolas ikastola), Eva Kareaga (BHI Aixerrota) eta Pablo Astrain (Aizkorri ikastetxeko) artistek parte hartuko dute programan.
Halaber, azaroan ‘Artista bat auzoan’ ekimenaren beste edizio bat egingo da. Proiektua pandemiaren garaian jarri zen abian, tokiko artisten lana, bai eta beren ibilbide eta sorkuntza-prozesuak Getxo Kulturako sare sozialetan bideoen bidez publikoari hurbiltzeko. Orain arte, 44 sortzailek parte hartu dute horretan eta bideo guztiak YouTubeko kanalean daude ikusgai. Aurten, Igor Nuñez Villamandos, Elena Aitzkoa, Ibon Antuñano Totorika, Ane Pikaza, Abel Azcona eta Matxalen Bilbao dira ekimenean parte hartzeko aukeratutako artistak. Bideoen hedapena amaitu ondoren, ohi bezala, azaroaren 14tik 21era bitartekotza-programa izango da Romo Kultur Etxean, horretan sei sortzaileek beren esperientziak publikoarekin partekatu ahal izango dituztela.
Bestalde, abenduaren 8an eta 9an aire zabaleko bi pintura lehiaketa izango dira, helduen eta haurren-familien kategorietan. Hilaren 8an, helduentzako lehiaketa egingo da Algortan eta, hurrengo egunean, txikiek eta familiek euren trebetasun artistikoak erakutsi ahal izango dituzte Romo eta Areeta kaleetan. Lehenengo lehiaketak 500 euroko sei sari izango ditu, eta haurren eta familien lehiaketaren kasuan, sei eskola-material sorta banatuko dira, horietako bakoitza 100 eurokoa.
Egonaldi eta erakusketa bekak
Azkenik, aurtengo Getxoarteko programaren barruan, hiru egonaldi-beka jaso dituzte Sonia Bouso, María Aztiria eta Eider Moreno artistek, beste horrenbeste proiektu garatzeko. Azken sortzaile hori, gainera, ekoizpen- eta erakusketa-bekarako aukeratua izan da. Horren bitartez, 10.000 euro jaso ditu Romo Kultur Exeako erakustaretoan erakusketa bat egiteko azaroaren 6tik 26ra. ‘Apurtu’ izenburupean, Eider Morenok Lemoizko zentral nuklearraren eraikuntzaren inguruan sortutako gatazka sozial eta politikoari buruzko hausnarketa egingo dut argazkiez eta oroimen historikoaz baliatuta.





