04/11/2024

Getxoarte 2024k sei sortzaileren lana erakutsiko du bihar hasita 'Artista bat auzoan' programaren bidez

  • Naia del Castillok, Paula de Luisak, Jaime Haydek, Ramón Churrucak, Inés Bermejok eta Natalia Vegasek beren sortze-prozesuak erakutsiko gerturatuko dizkiote publikoari

  • Ibilbide artistikoek, erakusketa batek eta topaketek osatuko dute aurtengo proposamena

Bihar, azaroak 5, Getxoarte 2024ren Bitartekaritza Programa suspertuko da. Joan den urrian hartu zituen pintura lehiaketen ondoren, ‘Artista bat auzoan’ ekimenaren edizio berri bat gerturatuko dio publikoari programa horrek, besteak beste. Ekimenak, ohi bezala, tokiko sei sortzaile bilduko ditu, Getxo Kulturako sare sozialetan zabalduko diren beste hainbat bideoren bidez beren lana eta sorkuntza-prozesuak jendeari erakusteko.

Naia del Castillo, Paula De Luisa, Jaime Hayde, Ramón Churruca, Inés Bermejo eta Natalia Vegasek osatuko dute sortzaileen zerrenda. Horiekin 38 dira dagoeneko ekimen honetan parte hartu duten artistak. Ekimen honen helburua da artista getxotarren lana publikoari hurbiltzea, 2020an berrogeialdian abian jarri zenetik. Behin bideoen zabalkundea amaituta, azaroaren 23tik aurrera publikoarekin bilduko dira hainbat topaketatan. Topaketa horietan beren lana erakutsiko dute, beren proiektuez eta sorkuntza garaikideari buruz hitz egingo dute, eta parte-hartzaileak tailer praktikoetan parte hartzera gonbidatuko dituzte.

Gainera, Getxoarte dela eta, azaroaren 22tik 24ra Getxoko arte publikoari buruzko bisitak jarriko dira abian. Ibilbide horien bidez, udalerriko hiri-artea ezagutu nahi duten pertsonek udalerriko hainbat lekutan kokatutako 20 artelan inguru ezagutu ahal izango dituzte, guztiak oroitzapenezko monumentuak edo pertsona ospetsu batzuei omenaldia egiten dieten monumentuak.

‘In Memoriam’ izenburupean, bi bisita izango dira azaroaren 22an eta 23an. Lehenengoa gaztelaniaz izango da, 18:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, euskaraz egingo da 17:00etatik aurrera. Hilaren 23an eta 24an, berriz, ‘Besarkadatik besarkadara’ ibilbidea egingo da. Larunbatean, eguerdiko 12:00etan hasiko da eta euskaraz izango da. Igandean berriz, gaztelaniaz izango da, ordu berean.

Bestalde, azaroaren 29an, 19:30ean, Ramón Churrucaren ‘La alegría de vivir’ collage-erakusketa inauguratuko da Romo Kultur Etxearen erakusketa gunean, artistaren beraren performance batekin. Erakusketa abenduaren 27ra arte egongo da zabalik, eta hilaren 19an, osteguna, Bitartekaritza Programaren barruan, artistak bisita gidatu bat eskainiko du erakusketan zehar.

Getxoarteko jarduera guztiak sarrera librekoak dira, lekua bete arte. ‘Artista bat auzoan’ topaketetan eta Getxoko arte publikoan zehar egiten diren bisitetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da getxoarte@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez.