30/06/2025

Getxo Kulturak bihar zabalduko du Kultur Etxeetako eta Musika ESkolak aretoak eta espazioak lagatzeko deialdia

  • Ekimen hori herriko kultur elkarteei zuzenduta dago eta eskaerak bidaltzeko epea uztailaren 30era arte egongo da zabalik.

  • Musika Eskolako Areetako entzunaretoa eta Algortako entsegu-aretoa herriko elkarten eskura jarriko dira lehenengo aldiz deialdiren bidez.

Bihar hasita eta uztailaren 30era arte, irabazi-asmorik gabeko Getxoko elkarteek Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan  eta ‘Andres Isasi’ Musika Eskolan zenbait areto erabiltzeko eskaera egin ahal izango dute. Ohi bezala, Getxo Kulturak elkarteen eskura jartzen ditu espazio horiek, beren ohiko kultura-jarduera garatu ahal izan dezaten, eta, horrela, herritarren ekimena bultzatzen du kulturaren hedapenaren eremuan. Deialdiaren oinarriak, eskaera eta guneen dokumentazio teknikoa www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean daude eskuragarri. Eskaera egiteko prozedura eta erabilera baldintzak estandarizatu egin dira instalazio guztietan.

Elkarteek askotariko espazioak erabili ahal izango dituzte. Algortako Kultur Etxean (Villamonte), 25 eta 60 pertsona bitarteko edukiera duten bost areto daude, baina horiek beste areto batzuekin konbinatu daitezke, 70, 100 eta 145 lagunentzako aretoak sortuz. Bestalde, Romo Kultur Etxean hamaika areto daude eskuragarri lagatzeko. Horietako lau erabilera anitzekoak dira eta 8 eta 25 pertsona arteko edukiera dute. Beste lau gorputz-adierazpenarekin eta kantuarekin lotutako jardueretarako dira, eta gainerako hirurak musika-entseguetarako kabinak dira. Gainera, RKEko ekitaldi-aretoa ere eska daiteke, 99, 194 eta 299 lagunentzako edukierarekin, erabilera-motaren arabera. Halaber, Areetako Musika Eskolako entzunaretoa erabiltzeko aukera ere eskainiko da, 162 (besaulki-patioa) edota 320 (areto osoa) laguneko edukiera duena. Azkenik, Algortako Musika Eskolan 40 lagunentzako entsegu-gela nagusia ere erabili ahal izango da.

Elkarteek oro har doan erabili ahal izango dituzte espazio horiek, baina Romo Kultur Etxeko areto-nagusirako eta Andrés Isasi Musika Eskolako entzunaretorako aurreikusitako jardueren kasuan, ezohiko aforo edo beharrizan teknikoak eskatuz gero, erakunde eskatzaileak egin beharko du ezohiko zerbitzuen kargu.

Betekizunak eta eskabideak bidaltzea

Deialdi honetan parte hartzeko, ezinbestekoa da elkarte eskatzaileak Elkarteen Udal Erregistroan alta emanda egotea eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboak izatea, edo zuzenean udalerrian jarduten dutenak. Getxo Kulturak ahalik eta elkarte gehienei erantzutea lehenetsiko du; hala ere, eskaera guztiei erantzuterik ez badago, lehentasuna emango zaie Getxo Kulturaren helburuekin bat datozen jarduerak proposatzen dituztenei, eta kontuan hartuko da zein egunetan sartu diren.

Eskabideak elkarte interesdunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz, eta eskabidea bidali beharko du gelak@getxo.eus helbide elektronikora, behar bezala beteta eta sinatuta. Getxo Kulturak konpromisoa hartzen du eskabideak aurkezteko azken egunetik gehienez hilabeteko epean deialdia ebazteko.