Getxo Kulturak astelehenean jarriko du abian kultur etxeetako eta Musika Eskolako aretoak eta espazioak erabiltzeko deialdia


-
Ekimen hori herriko kultur elkarteei zuzenduta dago eta eskaerak bidaltzeko epea uztailaren 13ra arte egongo da zabalik.
-
Guztira, 20 areto jarriko dira kolektibo horien eskura
Ekainaren 22tik uztailaren 13ra bitartean, irabazi-asmorik gabeko Getxoko elkarteek Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan eta ‘Andres Isasi’ Musika Eskolan zenbait areto erabiltzeko eskaera egin ahal izango dute. Ohi bezala, Getxo Kulturak elkarteen eskura jartzen ditu espazio horiek, beren ohiko kultura-jarduera garatu ahal izan dezaten, eta, horrela, herritarren ekimena bultzatzen du kulturaren hedapenaren eremuan. Deialdiaren informazioa, eskaera eta guneen dokumentazio teknikoa www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean daude eskuragarri.
Elkarteek askotariko espazioak erabili ahal izango dituzte. Algortako Kultur Etxean (Villamonte), 25 eta 60 pertsona bitarteko edukiera duten bost areto daude, baina horiek beste areto batzuekin konbinatu daitezke, 70, 100 eta 145 lagunentzako aretoak sortuz. Bestalde, Romo Kultur Etxean hamaika areto daude eskuragarri lagatzeko. Horietako lau erabilera anitzekoak dira eta 8 eta 25 pertsona arteko edukiera dute. Beste lau gorputz-adierazpenarekin eta kantuarekin lotutako jardueretarako dira, eta gainerako hirurak musika-entseguetarako kabinak dira. Gainera, RKEko ekitaldi-aretoa ere eska daiteke, 99, 194 eta 299 lagunentzako edukierarekin, erabilera-motaren arabera. Halaber, Areetako Musika Eskolako entzunaretoa erabiltzeko aukera ere eskainiko da (gaur egun bertan egiten ari diren lanak amaitu ondoren), 162 (besaulki-patioa) edota 320 (areto osoa) laguneko edukiera duena. Azkenik, Algortako Musika Eskolan 40 lagunentzako entsegu-gela nagusia ere erabili ahal izango da.
Elkarteek oro har doan erabili ahal izango dituzte espazio horiek, baina Romo Kultur Etxeko areto-nagusirako eta Andrés Isasi Musika Eskolako entzunaretorako aurreikusitako jardueren kasuan, ezohiko aforo edo beharrizan teknikoak eskatuz gero, erakunde eskatzailea arduratuko da eskatutako zerbitzuez, deialdian aurreikusitako baldintzetan.
Betekizunak eta eskabideak bidaltzea
Deialdi honetan parte hartzeko, ezinbestekoa da elkarte eskatzaileak Elkarteen Udal Erregistroan alta emanda egotea eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboak izatea, edo zuzenean udalerrian jarduten dutenak. Getxo Kulturak ahalik eta elkarte gehienei erantzutea lehenetsiko du; hala ere, eskaera guztiei erantzuterik ez badago, lehentasuna emango zaie Getxo Kulturaren helburuekin bat datozen jarduerak proposatzen dituztenei, eta kontuan hartuko da zein egunetan sartu diren.
Eskabideak elkarte interesdunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz, eta eskabidea egin beharko du Getxo Kulturako egoitza elektronikoaren bitartez (https://sede.getxo-kultura.eus). Getxo Kulturak konpromisoa hartzen du eskabideak aurkezteko azken egunetik gehienez 45 eguneko epean deialdia ebazteko.





