29/09/2025

Getxo Kulturak abian jarri du arte eszenikoak sortzeko 6. 'Juana Bizkarra' egonaldia

  • Ekimen horren bidez, euskal konpainiei laguntza ematen zaie proiektu eszenikoak garatu eta taularatzeko

Bihar, irailak 30,  arte eszenikoen taularatzea bultzatzeko «Juana Bizkarra» 5. egonaldirako deialdia abiatuko da. Getxo Kulturak bultzatutako ekimen hori konpainia profesionalei zuzenduta dago, finkatu zein sortu berriei, eta 10.500 euro bideratuko ditu proiektu eszeniko bat ekoitzi eta muntatzeko, egonaldia amaitu ondoren Muxikebarrin aurrestreinatzeko aukera ere izango dutela.

Proiektuak aurkezteko epea abenduaren 1era arte egongo da zabalik. Oraingo honetan, Getxo Kulturak ohiko epeak aurreratu ditu, konpainiei tarte zabalagoa eskaintzeko Muxikebarrin egonaldia doitu ahal izan dezaten proiektuaren produkzio-plangintzaren barruan.

Ekimen horren bitartez euskal kultura sektoreari lagundu nahi zaio, espazio profesionala, baliabideak eta zuzkidura ekonomikoa eskainiz antzerki-lanak, obra koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi zaie, kulturan duten ezagutza, esperientzia eta parte-hartzea hobetze aldera. Egoitzan, gainera, hiru topaketa egingo dituzte Getxoko herritarrekin eta herriko taldeekin. Azken horien kasuan, konpainia profesionalen eta tokiko kultura-sektorearen arteko elkarrekintza sustatu nahi da.

Hautatutako ikuskizuna ekoitzi eta muntatzeko, eta horren bitartekotza-plana garatzeko epea 2026ko abuztuaren 22tik irailaren 18ra bitartean izango da. Egonaldia Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan egingo du aukeratutako konpainiak eta datorren urteko azken hiruhilekoan aurrestreinaldirako bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki batekin amaituko da.

Hartzaileak

Deialdian izena emana ahal izango du bere jarduera arte eszenikoen barruan garatzen duen edozein pertsona juridikok, hala nola antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak muntatzen dituzten antzerki-, dantza-, txotxongilo- eta zirku-konpainiek. Deialdiari buruzko informazio osoa https://getxo-kultura.eus/deialdiak/  webgunean dago eskuragarri eta, edozein galdera egin nahi izanez gero, interesdunek honako helbide elektronikora jo dezakete: programazioa@getxo.eus.