07/05/2026

Getxo Kulturak 60.000 euro gehiago bideratuko ditu herriko kultur elkarteen aurtengo dirulaguntzen deialdira

  • Lehenengo aldiz dirulaguntza bat eskainiko da euskal dantza eta musika koraleko elkarten jantzi artistikoak erosteko

  • Urteko laguntzen deialdiak lerro gehigarria izango du, elkarteek EAEtik kanpo egiten duten jarduerak eragindako mugikortasun-gastuak ordaintzeko

  • Deialdiek 179.000 eta 35.000 euroko zuzkidura dute, hurrenez hurren, eta eskabideak bidaltzeko epea ekainaren 8ra arte egongo da zabalik

Getxok beste urte batez berritu du bertoko kultur elkarteen jarduerari laguntzeko konpromisoa, elkarte horiei zuzendutako urteko ohiko dirulaguntza deialdiaren edizio berriaren bitartez. Laguntzen planari, lehen aldiz, beste deialdi bat gehituko zaio, abesbatzen eta euskal dantzen elkarteen jantzi artistikoen erosketak ordaintzeko. Gainera, ohiko dirulaguntzen kasuan, lerro gehigarri bat gaitu da kolektibo horiek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten duten jarduerak eragindako mugikortasun-gastuak ordaintzeko. Horiek horrela, iaz baino 60.000 euro gehiago bideratuko dira dirulaguntza programari. Bi deialdietarako eskabideak bidaltzeko epea bihar, maiatzaren 8an, irekiko da, eta ekainaren 8ra arte dago zabalik.

Urteko ohiko dirulaguntzen helburua da udalerriko elkarteen lana sustatzea, kolektibo horien kultura-jardueratik eratorritako gastuak finantzatuz. Gehieneko partida 179.000 eurokoa izango da, eta horietatik 25.000 euro mugikortasun-lerrora bideratuko dira. Laguntza horien bitartez, 2026an zehar garatuko diren elkarteen ohiko jardueraren programak eta ekintzak babestu eta bultzatuko dira. Deialdian parte hartu ahal izango dute egoitza soziala Getxon duten irabazi asmorik gabeko kultura-elkarteek, baldin eta Getxoko Erakundeen Udal Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.

36.000 euro edo gehiagoko dirulaguntzen kasuan, gainera, sortutako gastu guztien jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Zenbateko horretatik beherako dirulaguntzen kasuan, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua ere aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, gastuen justifikazio bat sartu beharko da, emandako laguntzaren % 10 gutxienez. Dokumentazio hori aurkezteko epea 2027ko urtarrilaren 31n amaituko da.

Jantzi artistikoak

Bestalde, jantzi artistikoak erosteko dirulaguntza kantu koralean eta euskal dantzetan aritzen diren elkarteentzat baino ez da izango, udalerriko ondare immateriala kontserbatzen, sustatzen eta zabaltzen laguntzeko. Deialdi horrek 35.000 euroko zuzkidura izango du gehienez, eta 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko maiatzaren 31ra bitartean egindako material mota horretako erosketak ordainduko ditu.

Deialdien epeak eta ebazpena

Bi deialdietako eskabideak bidaltzeko epea zabalik egongo da bihar hastia, maiatzaren 8tik, ekainaren 8ra arte. Oinarriak eta informazio osoa www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunearen bidez kontsulta daitezke, eta eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira Getxo Kulturako egoitza elektronikoan. Deialdien ebazpena eskabideak aurkezteko epea amaitu eta lau hilabetera jakinaraziko da. Laguntza arruntetarako dirulaguntzen kasuan, hautatutako elkarteek nahitaez gauzatu beharko dituzte aurkeztutako proiektuak. Proiektu horiek jardueren justifikazio-memoria batekin eta jarduera horren diru-sarreren eta gastuen balantze batekin zehaztu beharko dira.