Getxo Jazzaren 2025eko Talde Lehiaketan izena emateko epea zabalik
2024ko azaroaren 15etik 2025eko otsailaren 14ra bitartean zabalik egongo da Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 2025eko Talde Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. Jazzaldia datorren urteko uztailaren 2tik 6ra izango da eta, ohi bezala, jazz musika jotzen duten edozein joera edo estilotako Europako talde guztiei irekita dago lehiaketa.
Parte hartu ahal izateko, taldekide guztien gehienezko adina 30 urtekoa da, 2025 urtean betetzekoa eta inskribatzeko orduan egiaztatu beharrekoa. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko informazioa eskura dago HEMEN.
Guztira, lau talde aukeratuko dira finalean lehiatzeko. Horietako bakoitza jazzaldiaren lehenengo lau egunetan jardungo dira eta talde irabazleak azken egunean berriro ere arituko da.
Sariak
Sariei dagokienez, 4.500 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko zaie zuzenean. Bigarren sariari 1.900 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 950 euro irabaziko ditu.
Halaber, finalerako hautatutako lau bandek laguntzak jasoko dituzte dieta gisa (bidaia egiteko, egile-eskubideak ordaintzeko…) eta egonaldia antolatzaileen kontura izango da. Sariez gain, ohi denez, irabazleek Belgikako B-Jazz eta Eivissa Jazz jaialdietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen akordioari esker.