Getxo Folkek 40 urteko ibilbidea ospatuko du aurten kalitatezko eskaintza bizi baten bitartez
- Jaialdiaren 40. edizioa irailaren 11tik 15era izango da eta 13 emanaldi hartuko ditu
- Buika, Milladoiro, António Zambujo & Yamandu Costa, Richard Bona & Alfredo Rodríguez eta euskal artistek eskainiko duten 40. urteurreneko kontzertua izango dira protagonista ordainezko saioetan
Irailaren 11tik 15era bitartean Getxo Folkek 40 urteko ibilbidea beteko du aurten, eta lau hamarkada horietan erreferentzia bihurtu da sustraiko soinuen, munduko musiken eta fusioaren esparruan. Ibilbide hori ospatzeko, nazioarteko artistak bilduko dira, hala nola Buika abeslaria, Milladoiro talde galiziarra, António Zambujo & Yamandu Costak eta Richard Bona & Alfredo Rodríguezek osatutako bikoteak izango dira protagonista ordainezko kontzertuetan. Halaber, aurten primiziako ikuskizun bat izango da eta, horretan, euskal artista eta talde ezberdinek jaialdia omenduko duten bere urteurrenean. Sarrerak eta abonuak ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea) daude salgai, baita Kutxabanken sarearen bidez ere.
Guztira, 13 izango dira Getxo Folk jaialdiak hartuko dituen emanaldiak, eta, iaz bezala, hiru kokapenetan izango dira agertokiak. Hala, Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00) artista nagusien eskutik; Areetako Geltokia plazan goizeko (13:00) eta arratsaldeko (18:00 eta 19:30) emanaldiez gozatzeko aukera izango da, estilo eta jatorri askotako talde eta artistek bat egingo dutelarik. Azkenik, Ereagako hondartza izango da gazteentzako emanaldien eszenatokia ostiralean eta larunbatean (22:00).
Ordainezko emanaldiak
Lehenengo egunean, irailaren 11n, Muxikebarrin, Antonio Zambujo (1976, Beja) abeslari portugaldarrak eta Yamandu Costa (1980, Passo Fundo) gitarra-jotzaile brasildarrak osatutako bikotea arituko da. Bi artista horiek ibilbide luzea egin dute beren herrialdeetan eta portugesezko musika-eszenan. Oraingoan, Getxora datoz ‘Prenda minha’ lan berria aurkeztera. Ibilbide horretan, kantu herrikoi lusiar-brasildarrak eta gaztelerazko kantutegia ikusi ahal izango dira.
Biharmunean, irailak 12, Milladoiroren txanda izango da. Santiago de Compostelan sortutako talde sarituak, joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieratik Galiziako tradizioaren soinuak mundu osoan zehar eraman ditu eta Getxora 45. urteurreneko biran barrena datoz, seikotea osatuz, publikoari bere arrakasta handiak biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko.
Hilaren 13an, ostiralean, jazz eta jazz-fusioaren eszenako bi artista entzutetsuren txanda izango da, normalean generoaren mugak zeharkatzen dituztenak Afrika eta Kubako musiketara eta World Music-era hurbiltzeko: Richard Bona (1967; Minta) baxu-jotzaile eta abeslari kamerundarra eta Alfredo Rodríguez (1985, La Habana) pianista kubatarra. Grammy baten irabazlea, Richard Bona jazzaren eta afropoparen eszenako baxu-jotzaile, konpositore eta multiinstrumentistetako bat da, afrikar jatorrira igortzen duen soinu paregabearen sortzailea. Bere musikak kontinenteko tradizioak, kultura, edertasuna eta arazoak jorratzen ditu.
Bestalde, Alfredo Rodríguez musikari-familia batetik dator, eta laster nabarmendu zen bere trebetasunagatik. Bere aita ‘Alfredito’ Rodríguez herrikoiaren eskutik etorri zen herri musikan murgiltzera, eta harekin lan egiten du genero dantzagarrien konponketetan. Ohikoa da mundu osoko jazzaldietan, eta Quincy Jonesek berak babestu zuen, 2007an Montreauxko Jazz Jaialdi ospetsuan aritu ondoren. Harrezkero, ibilbide sendoa egin du, eta, horren ondorioz, Grammy sarietarako izendatu dute, eta bere belaunaldiko piano-jotzaile nabarmenetariko bat bihurtu da.
Hitzordu handienetako bat Buika (1972, Palma de Mallorca) abeslari ekuatoginear-espainiarraren eskutik izango da irailaren 14an. ‘Askatasunaren ahotsa’ edo ‘Musikaren perla betlza’ bezala ezaguna, Buika artista polifazetikoa da. Abeslaria, konpositorea eta olerkaria, mundu osoan goraipatu dute bere ahots hunkigarriagatik, bere musika estilo atipikoagatik eta bere letren hausnarketa inspiratzaileengatik. Grammy latino bat irabazi du, besteak beste Carlos Santana, Path Metheny, Seal edo Chavela Vargas bezalako artistekin kolaboratu duela, eta azken urteotan ospe handia lortu du ‘Operación Triunfo’ talentu-saioaren epaimahaikide izateagatik.
Eta hilaren 15ean, Getxo Folk-en 40 urteko ibilbidea ospatzeko, okasiorako prestatutako ‘Getxo Folk 40’ izeneko ikuskizuna izango da. Kultur Etxeak Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaile ezagunari eskatu dio urteurrenerako euskal folkaren iragana, oraina eta geroa aitzakia hartuta ikuskizun berezi bat osatzeko. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia, eta Verde Prato artista eta taldeak batuko dira, besteak beste, azken lau hamarkadetako euskal musikaren bilakaera islatzeko.
Rodrigo Cuevas eta Esne Beltza Ereagan
Hilaren 13ko egunari amaiera emateko, azken urteotan Estatuko musika arloan nabarmendu den Rodrigo Cuevas arituko da jaialdian. Artista asturiarra ‘La Romería’ ikuskizun arrakastatsuaren biraren barruan iritsiko da Getxora. Bertan, diziplina anitzeko sortzaile honek munduko musiketatik eta soinu elektronikoetatik igarotzen diren jai-erritmoak hurbilduko dizkio publikoari, kabaret eta zirku diziplinak barne hartzen dituen antzezpenaren bidez. Emanaldia Ereaga hondartzako aparkalekuan izango da 22:00etatik aurrera eta sarrera doakoa izango da.
Irailaren 14an, larunbatean, Esne Beltza talde hernaniarra arituko da leku berean. Banda gipuzkoarrak propioa garatu du bere ibilbidean zehar, doinu-estilo anitzeko fusioa eta mestizajea eratzen, esaterako rock, euskal folk, hip-hop, reggae eta flamenkoaz baliatuta. ‘Esne bidea’ azken diskoa besapean dutela iritsiko dira Getxora. Lan horren bitartez agur esango diete agertokiei, ‘Agur deneri’ izeneko azken bira egingo dutela iragarri eta gero. Irailaren 13ko Ereagako kontzertua Estatuko sona handiko musikari batek eskainiko du.
Aretako Geltokia plaza
Folk Jaialdiaren eskaintza osatuko dute Areetako Geltokia plazan izango diren aire zabaleko saioak. Horietan, honako talde eta artista hauek arituko dira: Folk Rippers, Susan Santos gitarra-jotzailea, The Magpies banda, Karmento abeslaria, Gorrondatxe talde getxotarra eta De Ninghures banda. Saio guztiak doakoak izango dira eta ordu desberdinetan hasiko dira (13:00, 18:00, 19:30). Bestalde, jaialdira bertaratzen direnek Stow Pipe Band gaita-banda eskoziarraren desfileez gozatzeko aukera izango dute ostiraletik igandera eta, musika eskaintzaz gain, Muxikebarrin Folk Jaialdiko edizio guztietako kartelen erakusketa ere egongo da. Halaber, aipatu behar da gaur hasita Romo Kultur Etxean abiatuko den ‘Bizkaiko musikari tradizionalak’ erakusketa, Itxartu Taldeak eta Getxoko Kultur Etxeak antolatutako ekimena, hain zuzen ere, joan den mendetik gaur egunera arte Bizkaian izan diren musikari ezagunen lana nabarmentzen duena.