03/02/2026

Getxo 'Danza a escena' zirkuituan sartuko da aurten ere

  • Sei dantza ikuskizun hartuko ditu Muxikebarrin eta San Nikolas plazan

  • Red Escenak 10.000 euroko dirulaguntza emango dio Getxo Kulturari programa horretarako

Bigarren urtez jarraian, Getxok ‘Danza a Escena’ zirkuituan parte hartuko du, arte eszeniko mota hori sustatzen duen Red Escena-Espainiako titulartasun publikoko antzoki, entzunareto, zirkuitu eta jaialdien sareak garatutako ekimena, hain zuzen ere. Horretarako, otsailetik urrira Muxikebarrin eta Algortako San Nikolas plazan izango diren sei ikuskizun programatuko ditu.

‘Danza a Escena’ INAEM-Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalak bultzatutako proiektua da eta Red Escena erakundeak koordinatzen du espazio eszenikoen sareek antolatutako dantza-zirkuituei laguntzeko programak sortzeko. Ekimen horren helburua da titulartasun publikoko espazio eszenikoen programazioetan dantza garaikidearen presentzia eta ikusgaitasuna areagotzea, eta publikoari joera eta estilo anitz hartzen dituen programa heterogeneoa eskaintzea.

Ekimen horren barruan, Getxo Kulturak aipatutako ikuskizunen kontratazioa finantzatuko du, eta 10.000 euroko laguntza jasoko du horretarako. Oraingoan, otsailaren 22an, Muxikebarrin, ‘¿Dónde estás, Alicia?’ lanari hasiera emango dio programazioari. Valentziako Marea Danzaren piezak Lewis Carrollen ‘Alicia herrialde miresgarrian’ klasikoa berrinterpretatuko du, adin guztietako publikoengana hurbiltzeko asmoz.

Ekainaren 26an eta 27an, hiru pieza labur izango dira Algortako San Nikolas plazan. Hilak 26, LaSala konpainia gipuzkoarrak ‘Burnt’ bere azken lana eskainiko du, kontsumoaren aurkako mezua ardatza duena. Jarraian, herrialdeetako ondarearen utzikeriaz hausnartzen duen Laura Morales artista andaluziarraren ‘La nueva bestia’ ikuskizunaz gozatu ahal izango du publikoak, Biharamunean, ekainak 27, Elvi Balboa koreografo galiziarraren ‘Baunsbak’ pieza izango da ikusgai, dantza, soinu-instalazioa eta teknologia uztartzen dituen lana, hain zuzen ere.

Udaren ostean, urrian zirkuitua itzuliko da Getxora beste bi lanekin, Muxikebarrin izango direla. Hilaren 11n, Brodas Bros nazioarteko konpainiak ‘Mini-Break’ familia ikuskizuna eskainiko du, hip-hop kultura eta hiriko erritmoak omenezko lana, hain zuzen ere. Azkenik, urriaren 24an, Madrilgo La Venidera konpainiaren ‘No’ lana taularatuko du, sormen-iturri gisa ukazioaren balioa nabarmentzen duena.