28/04/2026

Getxo 'Circo a Escena' zirkuituan sartuko da lehenengo aldiz

  • Red Escenak 12.100 euroko dirulaguntza emango dio Getxo Kulturari 2026an bost ikuskizunen kontratazioa batera egiteko

  • Areetako Geltokia plazan eta Muxikebarrin antzeztuko dira maiatzetik azarora bitartean

Lehenengo aldiz parte hartuko du Getxok ‘Circo a escena’, zirkua sustatzen duen Red Escenak (Espainiako titulartasun publikoko antzoki, entzunareto, zirkuitu eta jaialdien sarea) garatutako ekimena, hain zuzen ere. Horretarako, maiatzetik azarora Areetako Geltokia plazan eta Muxikebarrin antzeztuko diren bost ikuskizunen sei saio programatuko ditu. Ekimen horren bitartez, Getxok zirkoaren aldeko apustua finkatuko du, udaleko kultura eskaintzan gero eta garrantzi handiago duen diziplina eszenikoa, hain zuen ere.

‘Circo a escena’ INAEM-Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalak bultzatutako proiektua da eta Red Escena erakundeak koordinatzen du espazio eszenikoen sareek antolatutako zirku-zirkuituei laguntzeko programak sortzeko. Ekimen horren helburua da titulartasun publikoko espazio eszenikoen programazioetan zirkuaren presentzia eta ikusgaitasuna areagotzea, eta publikoari joera eta estilo anitz hartzen dituen askotariko programa eskaintzea. Proiektuaren hainbat udalerritako proposamenen kalitatea aztertu ondoren, Getxoren proposamena saritzea erabaki du.

Ekimen horren barruan, Getxo Kulturak aipatutako ikuskizunen kontratazioa finantzatuko du, eta 12.100 euroko laguntza jasoko du horretarako. Aurten, Txema Muñozek emango dio hasiera proposamenari, maiatzaren 9an, ‘Gota’ clown eta magia uztartzen dituen lanarekin, Areetako Geltokia plazan ‘Getxo Eszena Kalean’ zikloaren barruan antzeztuko dena. Ziklo berean, ekainaren 9an, ‘Tenet’ izango da, zortzi akrobata eta zuzeneko musika biltzen dituen lana. Iritzi eta pertzepzio aniztasunaren balioa goraipatzen du ikuskizunak, pasa den urtean Circada jaialdi ospetsuan Panorama sariaren irabazlea, hain zuzen ere.

Irailetik aurrera, programazioa Muxikebarrira igaroko da. Hilaren 26an, ‘Farra’ izango da, Lucas Escobedo konpainiaren lana, magiaren, akrobazien, dantzaren eta musikaren bidez inauterietako ospakizunak hiru une historikotan berpizten dituena. Proposamen original horrek 2025eko Max Sarietan Musika Ikuskizun Onenaren Saria irabazi zuen. Urriaren 4an, publikoak La Gata Japonesa saritutako zirku-konpainiaren ‘Voa!’ ikuskizunaz gozatu ahal izango du. Ikuskizun horrek haurtzaroaren inozentziara itzultzeko piztuko du, akrobazia, keinu-antzerkia eta magia tartekatuz irudimenezko munduak sortzera gonbidatzen duen clown xelebre baten eskutik.

Azkenik, azaroaren 29an eta 30ean, ‘Fly Me to the Moon’ ikuskizuna antzeztuko du, Leandre Riberaren konpainiak. Artista katalanak bere lan poetiko eta umoretsuagatik nazioartean ezaguna da, Charles Chaplin eta Buster Keaton bezalako izenen tradizioaren oinordekoa . Oraingo honetan clown ikuskizun oroigarria dakarkigu, horren protagonistek inoiz ikusi ez den balentria bati aurre egingo diotela: ilargira bizikleta hegalarian iristea. Azaroaren 29an, igandean, antzezlana saio irekian eskainiko da, eta, biharamunean, astelehenean, Getxoko ikastetxetako ikasleek ikusi ahal izango dute, arte eszenikoak publiko gazteengana hurbiltzeko Getxo Kulturak bultzatutako Hezkuntza Programaren barruan.