16/07/2024

Buika, Milladoiro eta Esne Beltzaren saioak eta 40. urteurrena ospatzeko ikuskizun propioa hartuko ditu Getxo Folkak aurten

  • Jaialdiaren 40. edizioa irailaren 11tik 15era izango da eta 13 emanaldi hartuko ditu

  • Kontzertuak Muxikebarrin, Areetako Geltokia plazan eta Ereagako aparkalekuan izango dira

Irailaren 11tik 15era bitartean Getxo Folkek 40 urteko ibilbidea beteko du aurten, eta lau hamarkada horietan erreferentzia bihurtu da sustraiko soinuen, munduko musiken eta fusioaren esparruan. Ibilbide hori ospatzeko, nazioarteko artistak bilduko dira, hala nola Buika abeslaria, baita estatuko folkaren izen nabarmenak ere, eskarmentu handiko Milladoiro galiziar talde beteranoa kasu. Halaber, aurten primiziako ikuskizun bat izango da eta, horretan, euskal artista eta talde ezberdinek jaialdia omenduko duten bere urteurrenean.

Guztira, 13 izango dira Getxo Folk jaialdiak hartuko dituen emanaldiak, eta, iaz bezala, hiru kokapenetan izango dira agertokiak. Hala, Muxikebarrik ordainezko kontzertuak hartuko ditu (20:00) artista nagusien eskutik; Areetako Geltokia plazan goizeko (13:00) eta arratsaldeko (18:00 eta 19:30) emanaldiez gozatzeko aukera izango da, estilo eta jatorri askotako talde eta artistek bat egingo dutelarik. Azkenik, Ereagako hondartza izango da gazteentzako emanaldien eszenatokia ostiralean eta larunbatean (22:00).

Ordainezko emanaldiak

Abonu-kontzertuetako hitzordu handienetako bat Buika (1972, Palma de Mallorca) abeslari ekuatoginear-espainiarraren eskutik izango da. ‘Askatasunaren ahotsa’ edo ‘Musikaren perla betlza’ bezala ezaguna, Buika artista polifazetikoa da. Abeslaria, konpositorea eta olerkaria, mundu osoan goraipatu dute bere ahots hunkigarriagatik, bere musika estilo atipikoagatik eta bere letren hausnarketa inspiratzaileengatik. Grammy latino bat irabazi du, besteak beste Carlos Santana, Path Metheny, Seal edo Chavela Vargas bezalako artistekin kolaboratu duela, eta azken urteotan ospe handia lortu du ‘Operación Triunfo’ talentu-saioaren epaimahaikide izateagatik.

Jaialdia hilaren 12an irekiko du Milladoirok, Santiago de Compostelan sortutako talde sarituak, joan den mendeko 70eko hamarkadaren amaieratik Galiziako tradizioaren soinuak mundu osoan zehar eraman dituenak. Getxora 45. urteurreneko biran barrena datoz, seikotea osatuz, publikoari bere arrakasta handiak biltzen dituen errepertorioa eskaintzeko. Eta hilaren 15ean, Getxo Folk-en 40 urteko ibilbidea ospatzeko, okasiorako prestatutako ‘Getxo Folk 40’ izeneko ikuskizuna izango da. Kultur Etxeak Juantxo Zeberio musikari eta konposatzaile ezagunari eskatu dio urteurrenerako euskal folkaren iragana, oraina eta geroa aitzakia hartuta ikuskizun berezi bat osatzeko. Ikuskizun horretan Maddi Oihenart, Olaia Intziarte, Agus Barandiaran (Korrontzi), Juan Mari Beltran, Leturia, eta Verde Prato artista eta taldeak batuko dira, besteak beste, azken lau hamarkadetako euskal musikaren bilakaera islatzeko.

Esne Beltza Ereagan

Irailaren 14an, larunbatean, Esne Beltza talde hernaniarra arituko da Ereagako hondartzan. Banda gipuzkoarrak propioa garatu du bere ibilbidean zehar, doinu-estilo anitzeko fusioa eta mestizajea eratzen, esaterako rock, euskal folk, hip-hop, reggae eta flamenkoaz baliatuta. ‘Esne bidea’ azken diskoa besapean dutela iritsiko dira Getxora. Lan horren bitartez agur esango diete agertokiei, ‘Agur deneri’ izeneko azken bira egingo dutela iragarri eta gero. Irailaren 13ko Ereagako kontzertua Estatuko sona handiko musikari batek eskainiko du.

Inés Bermejo eta Maider Goikoetxearen kartela

Aurtengo Getxoko jaialdi handietako kartelak bertako artisten lanak dira. Folk Jaialdiaren kasuan, Ines Bermejok eta Maider Goikoetxeak egin dute, aurretik beste proiektu batzuetan parte hartu duten bi artistak, hain zuzen ere. Inés Bermejo (Getxo, 1986) Arte Ederretan lizentziatua da, eta Arte Eszenikoetan eta Ikusizko Kulturan masterra du. Bere jarduera artistikoa komisariotza, zuzendaritza eta antolaketa lanekin uztartzen du, artearekin eta kulturarekin lotutako hainbat jarduera eta lehiaketatan. Maider Goikoetxea (Hondarribia, 1993), berriz, Artean graduatua da, eta publizitateko grafikako goi mailako teknikaria. Bizkaian bizi da duela 13 urtetik, azken 4 urteetan Getxon, eta diseinu grafikoaren eta ilustrazioaren adarretik garatzen du bere lana. Aurtengo kartelerako proposamenak urteurrenaren ospakizuna azpimarratzen du, baita ekitaldiaren ezaugarri diren aniztasuna eta kultur aniztasuna ere.

Sarreren salmenta

Getxo Folkeko sarreren eta abonuen salmenta uztailaren 22an, astelehenean, hasiko da Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea), baita Kutxabank sarearen bidez ere. Gainera, egun horretan bertan, antolakuntzak gainerako emanaldien berri emango du www.getxo-kultura.eus webgunearen eta Getxo Kultuko sare sozialen bidez.