Binetaren munduko topagune izango da Getxo datorren astean


-
Urriaren 3tik 5era bitartean, Getxoko Komiki Azokak merkataritza eta ekintza eskaintza zabala ekarriko du Santa Eugenia plaza, Ibaiondo kalera eta Romo Kultur Etxera
-
Gonbidatutako egileen artean Rubén Pellejero, Paco Roca, Laura Pérez, Marika Vila, Josune Muñoz, Raquel Gu, Mamen Moreu, Sebas Martín, Fernando Blanco, Álvaro Martínez Bueno, Beñat Olea, Jon Mikel Bañales e Irene Márquez daude, besteak beste
Urriaren 3tik 5era, Getxoko Komiki Azokak bederatzigarren artearen mundua hurbilduko dio publikoari bere 23. edizioan. Merkataritza guneak 40 saltoki bilduko ditu Santa Eugenia plazan eta Ibaiondo kalean, eta, ohi bezala, Romo Kultur Etxean hainbat ekintza izango dira, sarrera doakoa dela. Ohi bezala, bederatzigarren artearekiko Bizkaiko hitzorduan artista ezagunek parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean, bai Romo Kultur Etxean programatutako hainbat jardueratan.
Komikiaren aldeko apustu hori gauzatzeko, Getxok 40 salmenta-postu bilduko ditu merkataritza-gunean. Liburu-dendek, argitaletxeek, merchandising-dendek eta fanzineek osatzen dute, besteak beste, jendeak azken nobedadeak eskuratzeko, bere serieak osatzeko eta komiki zaharrak eta bildumagile-aleak erosteko aukera izango duen postuen eskaintza, baita komikigintzaren munduarekin zerikusia duten era guztietako artikuluak ere.
Bestalde, Romo Kultur Etxeak ekintzen programazioa hartuko du, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat barne. Bertan, sektoreko enpresa nabarmenetako batzuk izango dira, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, sinaduren txandetan parte hartuko dute, zaleek euren artista gustukoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinadura-txandak leku horretan zein salmenta-postuetan egingo dira. Haur eta helduentzako tailerrak ere ez dira faltako, eta, aurten, berrikuntza gisa, profesionalei zuzendutako portfolioak berrikusteko tailer bat ere egingo da.
Artista eta profesional gonbidatuei dagokienez, oraingoan honako hauek egongo dira azokan: Paco Roca, Marika Vila, Raquel Gu, Mamen Moreu, Sebas Martín, Fernando Blanco, Álvaro Martínez Bueno, Beñat Olea, Jon Mikel Bañales e Irene Márquez eta aurtengo ekitaldiko kartelaren egilea den Laura Pérez. Horiez gain, azken urteotan Corto Maltés bilduma berrian egindako ilustrazio-lanarengatik ezaguna Rubén Pellejero ere izango da Getxon, bai eta Josune Muñoz dibulgatzailea, biek komikiaren arloan egindako ibilbideagatik aurtengo omenaldi-saria jasoko dutela.
Romo Kultur Etxean ere ‘Abenturazale grafikoak’ erakusketaz gozatu ahal izango da, bost egileren lanak biltzen dituen erakusketa, hain zuzen ere.: Natacha Bustos, María Medem, Ana Penyas, Laura Pérez eta Nuria Tamarit. Horien guztien lanek ezaugarri bera dute: esperimentazioaren eta originaltasunaren aldeko apustua, betiere leku komunetatik eta baliabide erosoetatik ihes egitea bilatuz, bere publikoari abentura grafiko bat eskaintzeko asmoz.





