23/09/2024

Komikiaren munduko topagune izango da Getxo asteburu honetan

  • Irailaren 27tik 29ra, Getxoko Komiki Azokak merkataritza eta ekintza eskaintza zabala ekarriko du Areetako Geltokia plazara, Romoko Ibaiondo kalera eta Romo Kultur Etxera.
  • Gonbidatutako egileen artean Carla Berrocal, Jaime Martín, Cristina Durán, Gabriel Hernández Walta, Pedro Camello, Sole Otero, Aneke, Miguel Ángel Giner Bou, Marina Sáez, David Lafuente eta Álex Orbe daude, besteak beste.

Irailaren 27tik 29ra bitartean, Getxoko Komiki Azokak binetaren mundua hurbildiko dio publikoari bere 22. edizioan. Merkatarika guneak 40 saltoki hartuko ditu  Areetako Geltokia  plazan eta Romoko Ibaiondo kalean, eta Romo Kultur Etxean hainbat ekintza izango dira, sarrera doakoa dela. Ohi bezala, bederatzigarren artearekiko Bizkaiko hitzorduan artista ezagunek parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean, bai Romo Kultur Etxean programatutako hainbat jardueratan.

Komikiaren aldeko apustu hori gauzatzeko, Getxok 40 salmenta-postu bilduko ditu merkataritza-gunean (Areetako Geltokia plaza). Liburu-dendek, argitaletxeek, merchandising-establezimenduek eta fanzineek osatzen dute, besteak beste, jendeak azken nobedadeak eskuratzeko, bere serieak osatzeko eta komiki zaharrak eta bildumagile-aleak erosteko aukera izango duen postuen eskaintza, baita komikigintzaren munduarekin zerikusia duten era guztietako artikuluak ere.

Bestalde, Romo Kultur Etxeak ekintzen programazioa hartuko du, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat barne. Bertan, sektoreko enpresa nabarmenetako batzuk izango dira, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, sinaduren txandetan parte hartuko dute, zaleek euren artista gustukoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinadura-txandak leku horretan zein salmenta-postuetan egingo dira. Gainera, nobedade gisa, aurten Areetako Geltokia plazan ere ekitnzak izango dira, hala nola tailerrak eta familientzako instalazio bat.

Artista gonbidatuei dagokienez, oraingoan honako hauek egongo dira azokan: Carla Berrocal, Jaime Martín, Cristina Durán, Gabriel Hernández Walta, Pedro Camello, Sole Otero, Aneke, Miguel Ángel Giner Bou, Marina Sáez, David Lafuente eta aurtengo ekitaldiko kartelaren egilea den Álex Orbe. Horiez gain, argitaletxeek gonbidatutako egileek ere parte hartuko dute.

Azkenik, Romo Kultur Etxean ‘Brujas/Bruixes/Sorginak’ erakusketaz ere gozatu ahal izango da. Borja Cresok komisariatutako erakusketa honetan kKomikiari, diseinuari eta ilustrazioari lotutako 24 emakume artistaren lanak bildu dira, aldi berean pertsonaia eta mitoa den sorginaren figura omentzeko. Besteak beste, Higinia Garay, Ane Pikaza, Josune Urrutia, Susanna Martín, Raquel Meyers, Ana Galvañ eta Roberta Vázquez artisten lanak ikusgai izango dira bertan.