Benito Lertxundi omenduko du Getxo Folk Jaialdiak


- Hunkidura Kuttunak’ ikuskizunak hainbat musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuetako hainbat artista bilduko ditu Muxikebarrin irailaren 14an
Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiaren 41. ekitaldia irailaren 14an amaituko da, euskal musikaren artistarik adierazgarrienetariko bat den Benito Lertxundiri omenaldia eginez. ‘Hunkidura kuttunak’ izenburuaz, ikuskizunak ibilbide zirraragarria proposatzen dio publikoari Orioko Bardoaren jardueraren zehar hainbat artistaren eskutik, musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartu ko direla. Sarrerak eta abonamenduak uztailaren 7an jarriko dira salgai Getxo Kulturako ohiko kanaletan.
Ikuskizun horren bitartez, jaialdiak Benito Lertxundiren ibilbide luze eta emankorra ohoratu nahi du, omenaldi hunkigarri eta artistiko eskainita. ‘Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin’ lelopean, emanaldi honek ikus-entzulea bidaia emozional batera eramango du, Lertxundiren kantuen bidez Euskal Herriko kultura, historia eta sentimenduen paisaian murgilduz. Oi lur abestitik hasita, Euskal Pizkundearaino!
Ikuskizunaren ekoizpena Baga-biga ekoiztetxeak egingo du eta zuzendari artistikoak Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maya izango dira. Lantaldeak hilabeteak daramatza lanean, 2024. urte bukaeran Benito Lertxundiren oniritzia jaso zuenetik. Eszenatokian, zortzi musikarik parte hartuko dute, 5 gizon eta 3 emakume, eta beren interpretazioekin Benitoren abestiak gaurkotu eta berpiztuko dituzte. Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester, Mirua eta beste hainbat artista ezagunek Lertxundiren obra ulertzeko berezko ikuspegiak erakutsiko dizkiote publikoari.
Musika ardatz nagusia bada ere, ikuskizunak diziplina anitzeko izaera du. Dantza, bertsogintza, marrazkia eta bestelako arte-adierazpenek beren tokia izango dute, ikusleari esperientzia estetiko eta sakona eskaintzeko helburuarekin. Dantzaren alorrean, Kukai Dantza konpainiaren presentzia nabarmentzekoa izango da, euren estilo garaikide eta sustraituarekin ikuskizunari mugimendu poetikoa eta indar eszenikoa emanez.
Hori guztia Euskal Herriko hainbat artistaren parte-hartzearekin gauzatuko da, elkarlanetik sortutako ekitaldi berezi bat bihurtuz. Emozioa, artea eta oroimena uztartuko dira gau berezi honetan, Benito Lertxundiren lana eta ondarea belaunaldi berriengana eramateko xedez.