27/05/2024

Baleteko master class-a Ismael Turelen eskutik

Baleteko master class-a hartuko du ekainean Muxikebarrik

 

Formakuntza dantza ikasleei zuzenduta dago eta nazioartean saritutako Mandalain Ballet Biarritz konpainiako Ismael Turel dantzariak emango du

Ekimen horretatik aterako da abenduan Muxikebarrin egingo den ‘Coppélia’ ikuskizunean parte hartuko duten talde artistikoko zenbait dantzari

Ekainaren 18, 19 eta 20an baleteko master class-a izango da Muxikebarrin, Malandain Ballet Biarritz dantza konpainia ospetsuko kidea den Ismael Turelen eskutik. Ekimena 8 urtetik gorako ballet-ikasleei zuzenduta dago eta horretan abenduaren 22an Muxikebarrin antzeztuko den ‘Coppélia’ ikuskizunean parte hartuko duten dantzarien aukeraketa egingo da.

Hiru egunez, dantzari valentziarrak bere eskarmentu handia eskainiko du parte-hartzaileen prestakuntza aberasteko. Eskola magistrala hainbat ordutegi eta adin-taldetan antolatuko da (8-11, 13-15 eta 16 urtetik gorakoak), bertaratuei prestakuntza egokitzen laguntzeko. Doako ekimen honetan parte hartu nahi duen orok masterclass@getxo.eus e-mailera bidali dezake bere eskabidea. Izena emateko epea gaur hasi eta ekainaren 10era arte egongo da zabalik; plazak mugatuak dira.

Hori amaitutakoan, hautatutako ikasleek aurrez aipatutako ikuskizunean parte hartu ahal izango dute, eta, horretarako, irailean eta urrian, hurrenez hurren, dantzako profesional nabarmenen eskutik izango dituzten beste bi master class-etara joan beharko dute. Lehena, dantza errusiarra eta hungariarra jorratuko dituena, Meritxell Paradell dantzari, koreografo eta Londresko Royal Academy of Danceko irakasleak emango du. Bigarrenean, Irma Hoffren Malandain Ballet Biarritzeko kideak ballet neoklasikoko teknikak irakatsiko ditu.

‘Coppélia’

‘Coppélia’ ballet errepertorio tradizionaleko lanik ezagunenetako bat da. Arthur Saint-Léonen jatorrizko koreografiarekin eta Léo Delibesen musikarekin, E. T. A. Hoffmann idazle ospetsuaren Der Sandmann (‘Hareazko gizona’) ipuinean oinarrituta dago. 1870eko maiatzean estreinatu zen Parisko Operan eta, ordutik, nazioarteko agertoki ospetsuenetan antzeztu diren bertsio ugari ezagutu ditu. Panpina dantzari bat da obraren protagonista, eta automata mekanikoak erakusten zituzten XVIII. mende amaierako eta XIX. mende hasierako ikuskizun ibiltarien inspiratuta dago. Horretan, antzerki-balletaren oinarriak birsortzen dira, dantza klasikoarekin eta pantomimarekin uztartuta.

Abenduaren 22an antzeztuko da Getxon, Artederra Ballet Gaztearen eskutik (bertoko Ana Lara Dantza Eskolak, Porté Dantza Estudioak, Allegro Ballet Studiok eta Dantzarte akademiek osatuta), kultura artistikoaren prestakuntza eta hedapena bultzatzeko asmoz. Bolshóiko konpainiaren bertsio klasikoaren egokitzapen bat antzeztuko dute oraingoan, eskolen mailara egokitua. Guztira, 150 eta 180 dantzari artean bilduko ditu proiektu honek. ‘Coppélia’ ikuskizunaren prestakuntza prozesua eta emanaldia Artederra Ballet Gazte Elkarteak eta Getxoko Kultur Etxeak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza dira.