'Auzotarren mosaikoa' proiektua erritmo onean doa aurrera


Joan den urtarrilaren amaieran, ‘Auzotarren mosaikoa’ muralaren lanak hasi ziren Areetako Geltokia plazan. Lanak erritmo onean aurrera doaz, eta azken emaitza maiatzean ikusi ahal izango da, baldin eta aurreikuspenak betetzen badira.
Obra hori ‘Miren Larrea’ I. Muralismo Lehiaketako proiektu irabazlea izan zen. Epaimahaiak eta herritarrek, azken horrek loteslea ez den parte-hartze prozesu baten bidez, aho batez aukeratu zuten 33 proposamenen artean egunez egun forma hartzen ari den lan hau.
33.000 euroko dirulaguntza duen deialdi honen bidez, Getxoko Udalak horma-irudia sortzeko lana sustatu nahi du, eta diziplina horretako ondare artistiko bat gehitu gure kaleetara; izan ere, hurrengo edizioetan, lan berriak gehituko zaizkio hiri-inguruneari.
Hautatutako proiektua, Giorgos Gkareth Cristou eta Liesbeth Montoya Ramallo buru dituen taldearen eskutik, auzoaren aberastasun bisual eta kulturalean inspiratuta dago. Tokiko nortasunaren parte diren elementu arkitektonikoak, naturalak eta sozialak islatzen ditu, eta, gainera, hiri-espazioaren eta komunitatearen arteko lotura bat sortu nahi du. Horretarako, eguneroko eszenak, eredu geometrikoak eta inguruneko zatiak uztartzearen aldeko apustua egiten du, monumentaltasun arkitektonikoa eta naturaren bizitasuna integratzen dituen zabaltasun eta sakontasun sentsazioa sortuz.
Josemi Ibarretxek egindako “Xakea” horma-irudi enblematikoari ere erreferentzia egiten dio lanak, lan horretan inspiratutako lauki bat txertatuz, memoria historikoa eta jarraitutasun kulturala sinbolizatzen dituena.