20/01/2025

Areetako geltokia plazan hartuko duen ‘auzotarren mosaikoa’ murala egiteko lanak gaur abiatuko dira

  • Giorgos Gkareth Christou eta Liesbeth Montoya Ramayok diseinatu dute ‘Miren Larrea’ Muralismo Sariaren lehen edizioan hautatutako proiektua.
  • Lanak gehienez lau hilabetez egingo dira, baldintza meteorologikoek eragozten ez badute.

 

Gaur, urtarrilak 20, emango dira lehenengo urratsak Areetako Geltokia plazak hartuko duen ‘Auzotarren mosaikoa’ sortzeko. Joan den urtearen amaieran egin zen hautaketa prozesuaren ondoren, Giorgos Gkareth Christou eta Liesbeth Montoya Ramallo artistek proposatutako proiektua Ibaigane kaleko 3. eta 5. zenbakiei dagokien eraikinaren fatxadan islatuko da datozen hilabeteetan. Eragozpenik ez badago, apirila edo ekaina amaierarako lanak amaituta egongo dira, eta Getxoko erdialdeko auzoko hiri-paisaiaren elementu ezagun bihurtuko dira horma-irudia.

‘Auzotarren mosaikoa’ auzoaren aberastasun bisual eta kulturalean oinarritutako proiektua da. Tokiko nortasunaren parte diren elementu arkitektonikoak, naturalak eta sozialak islatzen ditu, eta, gainera, hiri-espazioaren eta komunitatearen arteko lotura bat sortu nahi du. Horretarako, eguneroko eszenak, eredu geometrikoak eta inguruneko zatiak uztartzearen aldeko apustua egiten du, monumentalismo arkitektonikoa eta naturaren bizitasuna integratzen dituen zabaltasun eta sakontasun sentsazioa sortuz. Josemi Ibarretxek egindako ‘Xakea’ horma-irudi enblematikoari ere erreferentzia egiten dio muralak, lan horretan agertzen diren xake-lauki batzuk ere integratzen dituela, memoria historikoa eta jarraitutasun kulturala sinbolizatzeko.

Hautaketa-prozesua

33 proiektu aurkeztu ziren ‘Miren Larrea’ lehiaketaren lehenengo fasean, eta horietako bost azken fasera pasatzeko aukeratu ziren. Lehiaketako lehen edizio honetan, arte adituek, Getxo Kulturako teknikariek eta eraikineko jabeen komunitateko ordezkaritza batek osatu zuten epaimahaia. Ondoren, parte-hartze prozesu ez-lotesle bat jarri zen herritarren iritzia ezagutzeko. Hori amaitutakoan, bozketan parte hartu zuten herritar gehienak (726, guztira) zein epaimahaiak aho batez bozkatu zuten behin betiko proposamena. Guztira, Getxo Kulturak 33.000 euro bideratuko ditu  proiektua gauzatzeko. Horri gehitu behar zaizkio Getxoko Udalak fatxada birgaitzeko eta egokitzeko aurretik eginiko lanak, bai eta beharrekoz diren bitarteko osagarriak.

Horma-irudien ibilbidea

‘Auzotarren mosaikoa’ da ‘Miren Larrea’ muralismo-sariko abiapuntua, eta, hurrengo edizioetan, udalerriko zenbait lekutan horma-lanak sortzen lagunduko du. Horrela, pixkanaka, arte-sorkuntzako ibilbidea osatuko da, eta, horren bidez, zenbait sortzaileren lana erakusteaz gain, gutxiegi erabilitako espazioak ere erabili nahi dira, horma-artearen euskarri gisa, hiri-espazioa horrelako lanak hedatzeko eta gozatzeko plataforma bihurtze aldera.