2025eko Aixe Getxo! Kultur sarietarako hautagaitzak proposatzeko epea zabalik


- Proposamenak emailez aurkeztu ahal izango dira urriaren 13ra arte
- Sariak azaroaren 19n jakinaraziko dira Muxikebarrin izango den sari-banaketa ekitaldian
Getxo Kulturak aurtengo Aixe Getxo! sarien edizio berri bat jarri du abian eta horretarako hautagaientzako proposamenak jasotzeko epea ireki du. Urriaren 13ra arte, herritarrek sarien 14. ediziorako beren proposamenak emailez bidali ahal izango dituzte. Ekimen honen bitartez, urtero legez, udalerriko kultur jarduera nabarmendu nahi dute antolatzaileek, bai eta sektoreko eragileen lana balioetsi eta herritarren partaidetza bultzatu ere.
Ohi denez, kulturari lotutako hainbat modalitate edo eremutan egindako lana sarituko da, besteak beste: ikusizko eta ikus-entzunezko arteak, arte plastikoak, arte eszenikoak, musika klasikoa eta garaikidea, egungo musika, literatura, diseinua, arkitektura eta espazio publikoa, gastronomia, kultura hezkuntzan eta balioetan, kultura zientifikoa eta berritzailea eta kultura-ondarea (hautemangarria eta hautemangaitza).
Horiez gain, gazteen artean kultur lana sustatzeko Aixegaztea saria izango da eta arloarekin zerikusia duten lagun edo kolektiboen ibilbide artistiko edo profesionala aintzatesten duen saria ere emango da. Guztira, 14 kategoriatara aurkeztu ahal izango dira hautagai-proposamenak.
Hautagaiak pertsonak, taldeak, elkarteak, ekintza ezagunak eta arkitektura- eta ondare-elementuak izan daitezke, modalitatearen arabera. Proposamenak aurkeztu nahi dituztenek, aurretik aipatutako data baino lehen egin ahal izango dute aixegetxo@getxo.eus helbide elektronikora bideratuz, gaian ‘AixeGetxo! 2025’ adieraziz.
Proposamen guztiak epaimahai kualifikatu batek aztertuko ditu, eta hori bera arduratuko da sarituak hautatzeaz. Irabazleak azaroaren 19an jakinarazi egingo dira 19:00etan, Muxikebarrin egingo den sari-banaketa ekitaldian.





