2025eko Agate Deuna Koru Jaialdian parte hartzeko izen-emate epea zabalik


-
Otsailaren 4an ospatuko da kaleetan eta taldeak batera jardungo dira bi lekutan
Bihar, urtarrilak 15, Getxoko Kulturak zabalduko du 38. Agate Deuna Koru Jaialdian izena emateko epea. Otsailaren 4an izango da kantaldia eta egun horretan bertoko hainbat talde arituko dira tradizioa kaleetan erakusteko. Goizean, eskola taldeak arituko dira eta, arratsaldean, berriz, helduen koruak eta talde mistoak.
Ohi denez, abesbatzek Agate Deunaren omenezko kantak abestuko dituzte Getxo osoan. Eskoletako taldeen kasuan, eskola-ordutegian jardungo dira, eta ikastetxeek berek zein guraso-elkarteek eman ahal izango dute izena. Izena emateko, gutxienez 15 kide bildu beharko dira, eta koru guztiek dieta jasoko dute parte hartzeagatik.
Bestalde, helduen eta mistoen taldeak bi gunetan arituko dira (Romo-Areeta eta Andra Mari-Algorta) 18:00etatik aurrera. Gainera, 20:00etan abesbatza guztiek batera abestuko dute Algortako Geltokia eta Romoko Santa Eugenia plazetan. Eskoletako taldeen kasuan bezala, ezinbesteko baldintza da talde bakoitzeko gutxienez 15 pertsona biltzea, eta parte hartzeko dietak emango zaizkie izena ematen duten koruei.
Deialdiari buruzko informazio osoa honako esteka honetan dago eskuragarri: www.getxo-kultura.eus/deialdiak. Parte hartzeko eskabideak Getxoko Administrazioko Bulego Elektronikoan (https://eudala.getxo.eus/) aurkeztu ahal izango dira urtarrilaren 27ra arte.