2025-26 zinema-denboraldia asteburu honetan hasiko da


-
Programazioa Zinematxikiren eskutik hasiko da igandean ‘Tony, Shelly eta linterna magikoa’ haurrentzako filmarekin eta, hurrengo astean, Haurrentzako Igandeko Zinema zikloa hasiko da
-
Zinemabarri eta Zine-Kluba datorren astean abiatuko dira ‘Grand Tour’ eta ‘Marco’ luzemetraiekin, hurrenez hurren.
-
Dokumental Zikloa ere Romo Kultur Etxera itzuliko da azaroan
Getxoko 2025-26 zinema denboraldia hasiko da igande honetan, azaroak 2, goizeko Zinematxiki zikloaren eskutik, Muxikebarrin ‘Tony, Shelly eta linterna magikoa’ animaziozko filma 12:00etan proiektatuko dela. Datorren astean, helduentzako Zinemabarri eta Zine-Kluba zikloen txanda izango da. Lehenengoan, Miguel Gomes zinemagile portugaldarraren ‘Grand Tour’ drama historikoa eskainiko da Muxikebarrin, ostegunean, hilak 6. Ostiralean, hilak 7, Jon Garaño eta Aitor Arregi euskal zuzendarien ‘Marco’ filmarekin hasiko da Zine-Kluba. Azkenik, Romo Kultur Etxeak zinema dokumentalaren zikloa hartuko du azaroaren 5ean hasita, hasiko ‘Manolo Kabezabolo’ Espainiako punk musikaren erreferentziazko figuretako bati eskainitako filmarekin. Ohi bezala, denboraldia maiatzera arte luzatuko da eta emanaldietarako sarrerak Getxo Kulturako saltokietan daude eskura. Dokumentalen ziklorako gonbidapenak ere eskura daude Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean.
Zinematxiki eta Igandeko Haur Zinemak haurrentzako zinemarik onena gerturatuko dute igandeetan Muxikebarrira (12:00) eta Areetako Musika Eskolara (17:00), hurrenez hurren. Azaroan, aurretik aipatutako animaziozko filmaz gain, honako film hauek ere emango dira Zinematxikin: ‘Pirata arratoia’ (hilak 9), ‘Una noche en Zoópolis’ (hilak 16), ‘Barraskiloa eta balea’ (hilak 23) eta ‘Anzu, el gato fantasma’ (hilak 30). Bestalde, Haurrentzako Igandeko Zineak honako film hauek eskainiko ditu: ‘Mary Superchef’ (azaroaren 9an) eta ‘Tximinoen izarra’ (azaroaren 23an). Aurten, gainera, nobedadea izango da haur zikloetan: proiekzio batzuk amaitu ostean, solasaldi dinamizatu laburra izango da eta haurren partaidetza bultzatuko da. Azaroan, 2ko eta 9ko proiekzioen ostean izango dira horiek.
Datorren astean, Zinemabarri (ostegunetan, 19:00etan; Muxikebarrin) eta Zine-Kluba (ostiraletan, 20:30ean; Areetako Andres Isasi Musika Eskolako entzunaretoan) zikloen txanda izango da, eta nazioarteko ekoizpenak eskainiko dituzte, horietako asko hainbat jaialditan sarituak, azpitituludun jatorrizko bertsioan, baita gaztelaniaz eta euskaraz ere. ‘Grand Tour’ez ezik, ‘Una ballena’ (hilak 13), ‘La historia de Souleymane’ (hilak 20) eta ‘Sirât, trance en el desierto’ (hilak 23) eskainiko dira azaroan, horietako azkena, Oliver Laxe zuzendariaren azken lana nabarmendu behar dela, aurtengo Cannesko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria eskuratu baitu. Zine-klubean, berriz, ‘Marco’ (azaroak 7) filmak emango dio hasiera denboraldiari. Horren protagonista Eduard Fernándek 2025eko Aktore Onenaren Goya saria irabazi zuen luzemetraia horri esker. Gainerako saioetan honako film hauek izango dira ikusgai: ‘Misericordia’ (azaroak 14), ‘La buena letra’ (azaroak 21) eta ‘Soy Nevenka’ (azaroak 28).
Talde berria zine-forumerako
Denboraldi honetan talde berri batek egingo du debuta zinema-zikloak dinamizatze-lanetan. Zikloen filmak aurkezteaz arduratuko da, baita proiekzioaren ondoren egingo den zine-forumaz ere. Zineman eta ikusizko arteetan adituak diren Cristina Ezquerra, Maider Fernández, Garbiñe Ortega eta Borja Crespok osatuko dute, helduentzako zein haurrentzako zikloetako emanaldietan parte hartuko dutela. Solasaldietan hautatutako filmen alderdi artistikoak eta teknikoak jorratuko dituzte, betiere ikusleen parte-hartze aktiboaren alde eginez.
Dokumentalen zikloa
Azkenik, dokumental-zikloa ere azaroan hasiko da. Bere bigarren denboraldian, Romo Kultur Etxean izango da berriro, hileko lehen asteko asteazken guztietan, 19:00etan. Lehenengo proiekzioa azaroaren 5ean izango da, José Alberto Andrés Lacastaren ‘Manolo Kabezabolo’ filma, hain zuzen ere, Espainiako punk musikaren historia bizia den artistaren ikuspegi berezia jorratzen duena. Abenduaren 3an, berriz, ‘Esto no es Hollywood’ proiektatuko da, Ibarretxe anaien unibertsoaren inguruko lana, Jone Ibarretxek eta Nere Falaganek zuzenduta.





