23/10/2024

2024ko Aixe Getxo! kultur sarietarako hautagaitzak proposatzeko epea zabalik

  • Proposamenak emailez zein Kultur Etxean aurkeztu ahal izango dira urriaren 30era arte

  • Sariak abenduaren 11n jakinaraziko dira Muxikebarrin izango den sari-banaketa ekitaldian

Kultur Etxeak aurtengo Aixe Getxo! sarien edizio berri bat jarri du abian eta horretarako hautagaientzako proposamenak jasotzeko epea ireki du. Urriaren 30era arte, herritarrek sarien 13. ediziorako beren proposamenak Kultur Etxean aurkeztu edota emailez bidali ahal izango dituzte. Ekimen honen bitartez, urtero legez, udalerriko kultur jarduera nabarmendu nahi dute antolatzaileek, bai eta sektoreko eragileen lana balioetsi eta herritarren partaidetza bultzatu ere,

Ohi denez, kulturari lotutako hainbat modalitate edo eremutan egindako lana sarituko da, besteak beste: ikusizko eta ikus-entzunezko arteak, arte plastikoak, arte eszenikoak, musika klasikoa eta garaikidea, egungo musika, literatura, diseinua, arkitektura eta espazio publikoa, gastronomia, kultura hezkuntzan eta balioetan, kultura zientifikoa eta berritzailea eta kultura-ondarea (ukigarria eta ukiezina).

Horiez gain, gazteen artean kultur lana sustatzeko Aixegaztea saria izango da aurten eta arloarekin zerikusia duten lagun edo kolektiboen ibilbide artistiko edo profesionala aintzatesten duen saria ere emango da. Guztira, 14 kategoriatara aurkeztu ahal izango zaizkie hautagai-proposamenak.

Hautagaiak pertsonak, taldeak, elkarteak, ekintza ezagunak eta arkitektura- eta ondare-elementuak izan daitezke, modalitatearen arabera. Proposamenak aurkeztu nahi dituztenek, aurretik aipatutako data baino lehen egin ahal izango dute Kultur Etxean, sarien idazkaritzari bideratuz edota aixegetxo@getxo.eus posta elektronikoaren bitartez, gaian ‘Aixe Getxo! 2024’ adieraziz.

Proposamen guztiak epaimahai kualifikatu batek aztertuko ditu, eta hori bera arduratuko da sarituak hautatzeaz. Irabazleak abenduaren 11n jakinarazi egingo dira 19:00etan, Muxikebarrin egingo den sari-banaketa ekitaldian.