Liburutegiak

Liburu-aurkezpena: Miñan

Ibrahima Balde, Amets Arzallus

2023.03.20 | 19:00
Romo Kultur Etxea
Euskara
Publiko guztientzako

Aurkezpenari buruz

Ibrahima Balde eta Ametz Arzallus egileen eskutik.

Miñan. Horrela du izena Ibrahima Balderen (Konakry, Ginea, 1983) eta Amets Arzallusen (Hendaia, Lapurdi, 1983) liburuak. Balderen bizipena du oinarri: 13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldia kontatzen du. Gineako hiriburutik Nzerekore hirira joan zen lan bila: amari, bi ahizpei eta anaia gazteenari laguntzeko asmotan. Lanean ari zela, amaren deia jaso zuen: anaia txikia falta zen etxean. Hala, Konakryra itzuli eta haren bila hasi zen, anaia bizirik aurkitzeko esperoan.

2018. urtean topatu ziren Balde eta Arzallus, urriaren amaieran, Irunen (Gipuzkoa). Euskal Herrira iritsi berria zen Balde, eta Arzallus boluntario lanetan zebilen Irungo Harrera Sarean. Hor egin zuten lehen hartu-emana, eta, gerora, harreman hori sendotuz joan da. “Asiloa eskatzen zutenei elkarrizketa bat egiten nien; eskaera hori egiteko jakin beharrekoak-eta azaltzen nizkien”. Horrela, elkarrizketaz elkarrizketa, “mugimendu bat” sortu zen bien artean, hasieran, Balderen istorioaren inguruan idazteko inongo burutaziorik gabe.

Bien arteko lotura estutuz joan ahala, ordea, hitz egindakoak liburu batean jasotzeko ideia sortu zitzaien; horregatik, Arzallusen esanetan, “harreman bati buruzko liburua da”. Azaldu duenez, ez da erraza izan bien arteko “desoreka” horretatik abiatuta lan egitea, eta ikasketa prozesu zein gogoeta etengabe batean murgildurik egin du idazte prozesua. “Balderen bizipenak jasotzen ditu liburuak, eta haren liburua da”, adierazi du. Nabarmendu duenez, hark erakutsi dio nola kontatu, “hark eman du kontakizuna literaturara emateko urratsa”.