10/06/2024

Getxok zabalduko du Euskadiko Jazz Zirkuitua Uztailaren 3tik 7ra bitartean

  • Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel izango dira ordainezko kontzertuen protagonistak
  • Bost egunez 17 saio eskainiko dira Muxikebarri zentroan eta Algortako Geltokia plazan

 

Uztailaren 3tik 7ra, Getxok berriro ere hasiera emango dio Euskadiko jazz zirkuituari, Bizkaiko jazzaldiaren 47. edizioaren eskutik. Ohi bezala, talde gazteak eta nazioarteko artista nabarmenetako batzuk izango dira bertan. Izen ezagunenen artean, Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel nabarmendu behar dira. Ordainezko kontzertuez gain, Talde Lehiaketako talde gazteen emanaldiak, “Hirugarren milurtekoa” atala eta eskaintza zabala osatzen duten familientzako kontzertuak izango dira.

Getxo Jazza aurkezteko gaur egin den prentsaurrekoan, Amaia Agirre Getxoko alkateak eskaintzaren «kalitatea eta aniztasuna» nabarmendu ditu, baita udalerriko «kultura eta turismo eskaintza indartzeko» duen gaitasuna ere. Bestalde, Iñaki Saituak, jaialdiaren arduradunak, Getxo Jazzaren belaunaldi anitzeko izaera azpimarratu du, bere egitarauan «musika eszenako izen handiak zein musikari gazteak» batzen direlako.

Aurten James Carterrek (1969, Michigan) zabalduko ditu ordainezko kontzertuak (Muxikebarri; 21:00). 90eko hamarkadan sortutako saxofoi jotzailerik harrigarrienetako eta originalenetako bat da artista estatubatuarra, saxo-mota guztiak menderatzen dituena, altutik baritonoraino, eta klarinetean eta klarinete baxuan ere aditua dela.  Hurrengo egunean, osteguna, hilak 4, Hiromi Uehararen (1979, Hamamatsu) txanda izango da. Egungo eszenako pianistarik originalenetako bat da, eta bere sormen-energiak jazzaren, musika klasikoaren eta poparen mugak zeharkatzen ditu, inprobisazioa sofistikazio maila berrietara eramanez.

Ostiralean, hilak 3, jaialdiaren erdialdean, Kurt Rosenwikel (1970, Filadelfia) gitarra-jotzaile ospetsua buru duen konbo handiaren txanda izango da. Horretan, Mark Turner saxofoi-jotzaileak, Ben Street baxu-jotzaileak eta Jeff Ballard bateria-jotzaileak bat egingo dute birtuosismotik abiatuta modernitatea tradizioarekin fusionatzeko. Biharamunean, larunbatean, jazzaldiak  Stacey Kent (1968, South Orange; New Jersey) izango du protagonista, nazioarteko eszenako ahots dotore eta beroenetako bat, hain zuzen ere. Sari ugari irabazi ditu abeslariak  eta bere errepertorioa swing klasikoetatik bossa nova-raino zabaltzen da, chanson frantziarraren kanta erromantiko ezagunenetako batzuen moldaketak barne. Azkenik, uztailaren 7an, igandean, jaialdia eskarmentu handiko  Bill Frisell  (1951, Baltimore) artistaren eskutik agurtuko da. Eszena garaikideko gitarra moldakorrenetako bat da Frisell eta 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionalean grabaketa-katalogo amaigabea gauzatu du.

Izen handien aurretik, Talde Lehiaketaren finalera iritsi diren lau bandak arituko dira, eta, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Doako eskaintzan, berriz, Algortako Geltokia plazako Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak (19:00) izango dira, eta, nagusiki artista gazteak protagonista dituen eskaintza batean, Irati Bilbao abeslari gaztea, Juan de Diego beteranoa, Carmen Vela txirularia, Elias D’Hooge Trio talde belgikarra eta Wasted Generation banda italiarraren proposamen originala bilduko dira.

 

Akordioa SGAErekin

Aipatutako eskaintzari familientzako kontzertuak gehitu behar zaizkio (Algortako Geltokia Plaza; 12:30). Lehenengoan, uztailaren 6an, Musikenen sortutako Femmm noneto gaztea arituko da, Getxo Kultura eta SGAE Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmenaren bitartez gauzatutako saioa, Eta hurrengo egunean, Swing for Kids ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek zein helduek. Femmmen saioa HerriJazz zikloaren barruan kokatzen da eta Oskar Castaño ‘Garbitxu’ SGAE-Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako presidenteak adierazi duenez, «abiapuntu bikaina da Getxo eta SGAEren arteko lankidetza abiatzeko«, Halaber, saio hori «aukera paregabea da Musikeneko azken mailako ikasle gazteek bere lana erakusteko jaialdi handi batean erakusteko».

 

Informazioa eta sarreren salmenta

Jaialdiari buruzko informazio guztia, baita Getxo Kulturaren programazioari eta zerbitzuei buruzkoa ere, gaur bertan abian jarritako webgune berrian kontsulta daiteke: www.getxo-kultura.eus. Bestalde, Getxo Jazzaren kontzertuetarako sarrerak eta bonuak ohiko saltokietan eros daitezke: Kutxabank sarea, Muxikebarri zentroa eta Romo Kultur Etxea.